Kontseilu Sozialista Sakana sortu dute

Guaixe 2021ko ots. 25a, 11:26
Kontseilu Sozialista Sakana aurkezpen bideoko irudia. Argazkia: @Kontseilua_Sak

Bozeramaileek aurreratu dutenez, “gaitasun sozialistak areagotzeko, antolakuntzaren indarra lurraldean hedatzera gatoz”.

Kontseilu Sozialista Sakanako (KSS) kideek aurkezpenean jakinarazi dutenez, “klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten beharrak garamatza komunistok antolatzera”. Euskal Estatu Sozialista dute helburu. Horregatik sortu dute Kontseilu Sozialista Sakana, “gaitasun sozialistak areagotzea helburu. Antolakuntzaren indarra lurraldean eratzera gatoz”. KSSko kideen helburua da “langileria iraultza prozesura batzeko hainbat  arlotan lan lerroak irekiko ditugu. Erreferentzia politiko eta ideologiko sozialista izateko eta hainbat belaunaldi eta sektoretako kideak borrokara batzeko anbizioz ariko gara”. Eta adibide gisa oinarrizko beharrizanak betetzeko Gogor Langileon Defentsa Antolatua jarri dute. Hura Larraungo eta Sakanako Kontseilu Sozialistek elkarlanean garatuko dute. 

KSStik adierazi dutenez, “jasaten ari garen krisi egoera ez da soilik ekonomikoa, bizitzako esparru guztiei eragiten die kapitalismoari berezko zaion egiturazko krisi honek”. KSSko kideen iritziz, COVID-19ak eragindako pandemiak “proletalgoaren osasun baldintzak okertzeaz aparte, bizi dugun krisi kapitalista bizkortu eta gogortu du”. Testu inguru horretan “burgesiak oinarrizko eskubide zibil eta askatasun politikoen murrizketa gauzatu du, alternatiba politikoa ekidin nahian”. 

Komunisten iritziz, “krisiak kapitalistaren zimenduak kolokan jartzen dituen honetan, aukera irekitzen da arrakaletan eragin eta osotasun berri bat artikulatzeko”. KSSko kideen iritziz “proletalgoa burgesiaren eta haren Estatu aparatuekiko menpeko da, ez du bere beharrizanetara egokitutako programarik”. Horregatik, “ezinbestekoa zaigu independentzia politikoz jardutea esparruz esparru gaitasun propioak handituz, sozialismoaren eraikuntzan bidea egin eta posizioak hobetzen joateko”.