Udazkenean Andra Mari ikastolako bi talde izan ziren eta ilbeltzaren 29an, berriz, Arbizuko haur eskolako ikasleak. Txikien presentziak itxuraldatu egin zuen Sakanako Mankomunitatearen hondakin kudeaketa gunearen eguneroko martxa. Bertako langileen azalpenak jarraituz, transferentzi gunearen eta garbigunearen txoko guztiak bisitatu zituzten eta Mank-ek hondakin bakoitza nola kudeatzen duen ikasteko aukera izan zuten.
Ikasleak ikasgaia ongi ikasita eraman zuten: “gure esku dago hondakindegian ahalik eta hondakin gutxien lurperatzea. Lehenik eta behin, hondakin sorrera gutxitu behar da eta, ondoren, hondakinak etxean ongi bereizi behar dira, berrerabili eta birziklatu ahal izateko”. Hori berea praktikan ere jarri zuten, tratamendu plantara arteko bide bazterrean eta ondoko basoan opatutako hondakinak bildu baitzituzten eta gero zegokien edukiontzira bota zituzten.
Hondakinen kudeaketa
Ontzi arinak Mank-en kamioietan transferentzi gunera iristen dira eta baskulan pisatu ondoren, deskargatu eta partzuergoaren trailer handi batzuetan kargatzen dira Azkoiengo Moratiel sailkatze plantara eramateko. Han ontziak material motaren arabera sailkatzen dituzte: metalezkoak, plastiko motaren araberakoa… Egoki tratatu ondoren, material horiek produktu berriak sortzeko erabiliko dira.
Papera eta kartoia Arbizura iristen denean prentsan sartzen dute eta pakete handiak sortzen dituzte. Horiek Atarrabiako Abelan paper fabrikara eramaten dituzte han paper birziklatua egiteko.
Materia organikoa, atez ate eta Altsasuko 5. edukiontzian jasotakoa, Kaparrosoko biogas plantara eramaten da. Aurki materia organikoak egiten duen bidea laburtuko da, izan ere, martxan jartzear da konpost planta berria. Bestalde, auzokonpostetan sortutako konposta Arbizuko instalakuntzetan metatuta dago. Haurrek konposta nolakoa den ikusteko aukera izan zuten. Bestalde Mank-eko Hondakin Kudeaketa Zerbitzutik gaztigatu dutenez, baratzeko, lorategiko edo loreontzietako lurra aberastu nahi duenak aukera du Arbizutik pasa eta konposta hartzeko.
Errefusa, “sakandarrok gutxien sortu behar genukeen hondakina, transferentzi gunera iristean gabarra handi batzuetan kargatzen da Tuterako El Culebrete gunera eramateko. Han tratamendu bat egiten zaio zabortegian lurperatu aurretik”.
Garbigunetik ere pasatu ziren ikasleak. Hara eraman behar diren hondakin bereziak ezagutu zituzten: jostailuak, altzariak, pilak, tonerrak, olioa, tresna elektrikoak, pintura zaharra, etab.
900 730 450
Telefonora hots egin daiteke hondakin kudeaketari buruzko edozein zalantza argitzeko edo galdera egiteko.