Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren hizkuntza paisaia euskalduntzeko egitasmoa da dirulaguntza hori. Haren bidez diruz lagunduko dira errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen euskarazko errotulazioa. Euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren %50 ordainduko dio Mank-ek. Betiere, gehienez 500 euro emanen zaizkio jabeari. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari %25 ordainduko zaio, 250 euroko gehienezko mugarekin. Azken kasu horretan elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko du, hau da, euskarazko testuak lehentasuna izan beharko du, tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik.
Euskara Zerbitzuak horretarako 1.500 euro ditu aurtengo ekitaldirako. Deialdian interesa dutenek eskabideak azaroaren 30era arte egin ditzakete. Eskabidearekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: IFKren fotokopia, fakturaren fotokopia, errotuluaren argazkia eta aitorpena, objektu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena.