Hilaren 13an 40 urte bete ziren Joxe Arregi torturaren ondorioz hil zela. Horregatik, torturaren kontrako eguntzat hartzen da egun hori Euskal Herrian. Sakanako Sortuk eta Ernaik deituta, Sakanako torturaren kontrako ekitaldia egin zen Etxarri Aranatzen. Deitzaileek gaztigatu dutenez, “1960-2014 bitartean, Sakanan, 149 tortura kasu daude erregistratuta, akreditatuta, salatuta. 20.000 biztanle dituen bailaran. 149 esperientzia latz bezain ahaztezin. Tamalez, oraindik ere, gehiago izanen dira ziurrenik”.
Bai Sortuko, bai Ernaiko kideek gaztigatu zutenez, “zifra horrek gure herriak askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimendua gordetzen du. Ez da zenbaki huts bat. Gure senideek, lagunek, kideek eta abarrek bizitakoaz betetako zenbakia da”. Gogoan izan zituzten “torturapean jasotako testigantzen ondorioz gaur egun espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politiko guztiei eta, bereziki, Sakanakoei” Haiek kalean nahi dituztela nabarmendu zuten.
Torturatuei benetako erreparazioa emateko, “tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago. Urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustarazi eta aitortzea ezinbestekoa da, ez errepikatzea berma dadin”. Gogorarazi zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 11. aldiz torturak ez ikertzeagatik Espainiar Estatuak zigortu duela. Horietako kasuen instruktorea Fernando Grande Marlaska gaur egun Barne Ministroa dela azpimarratu zuten, eta hori “estatuan dagoen inpunitatearen adibide da”. Beste inork tortura ez pairatzeko Sortuk eta Ernaik beraien buruari “torturaren errealitatea azaleratzeko eta aitortzeko” lana jarri diote.