Lanbide Heziketako kirol eskaintzaz bitan Parlamentuan

Guaixe 2021ko ots. 22a, 11:27

Sakanako ordezkariak joan den azalpenak eman zizkieten parlamentariei asteartean. Argazkiak: Nafarroako Parlamentua.

Sakanako lantaldeak bere iritzia eman zuen Hezkuntza Batzordean asteartean. Eta batzorde berean kontseilariak agerraldia egin zuen eta esan zuen oraindik ez dela erabakirik hartu.

Sakana Lanbide Heziketako (LH) institutuko kirol ikasketekin heldu den ikasturtean zer gertatuko den ez zen joan den astean argitu. Gaia bitan egon zen Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean. Asteazkenean Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek eskatuta Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntza Kontseilariak agerraldia egin zuen eta Altsasun egiten diren LHko kirol eskaintzaren inguruan oraindik erabakirik ez dela hartu esan zuen. 

Tomas Rodriguez Garraza LHko zuzendari nagusiak argitu zuenez, “inolaz ere ez da esan ikasketak kendu behar zirenik. Deliberazioak zuzendaritza nagusiaren lantaldean izan dira. Ikastetxeko Gizarte Kontseiluan departamentuko ordezkariak esandakoa zehatz jasotzen ez duen eta onartu gabe dagoen akta baten zirriborroan oinarrituta dago hau guztia”. Rodriguezek argitu zuenez, Nafarroako ikasketa eskaintza martxoaren 31rako egina egon beharko luke. 

Gimenok azaldu zuenez, ikastetxeek duten eskaintza ikasturtero baloratzen da eta horretan zentroek parte hartzen dutela jakinarazi zuen. Kontseilariak gaineratu zuenez, “ikasketak ezartzeko irizpide teknikoak oinarritzen dira eta guztiz gardena da. Eta Sakana LHri buruzko erabakia ez zen ez probisionala, ezta behin betikoa”. 

Ibarraz
Gimenok azaldu zuenez, Sakana LH institutua industria eremu batean kokatuta dagoela gaztigatu zuen, “horregatik, bere eskaintza industriari bideratuta dago”. Sakanako Plan Estrategikoaren azken memorian jasotakoa gogorarazi zuen: Sakanako jardunaren %65 metalurgia da, populazio aktiboaren erdiak LH titulazioa du eta %45 ez du titulaziorik “eta kualifikatutako langileen premia handia aurreikusten da. Horregatik, besteak beste, LH institutuaren egitekoa da populazioa finkatzea errealitatera egokitutako prestakuntzarekin, titulaziorik ez dutenei kreditatze bidea eman, eta langileendako eskaintza zabal eta erakargarria egitea”. 

Rodriguezek gaineratu zuenez, industriaren inguruan eratu behar da institutuaren ikasketa eskaintza, “eraldaketa digitalerantz jo behar du, edo titulaziorik ez dutenendako gaitasunen ziurtagirien edo profesionaltasun ziurtagirien arloa landu beharko luke, eskualdeko langileen prestakuntza premiei erantzuteko”. Prestakuntza premian daude metal arloko 4.000 langileetatik 1.800ek. Bestetik azaldu zuen, ikastetxeen ikasketa eskaintza estatikoa izan beharrean dinamikoa dela, aldatuz joaten dela. 

Kontseilariak esan zuenez, “gaur egun edozein aldaketa egiten bada, ikastetxeek bere ikasketak egokitzeko eskaintza berriak egiten dira, Beti ere, ikastetxeekin batera. Eskaintzak eskualdearen ezaugarrietara egokituak dira”. Gimenok gaineratu zuenez, “azterketaren hasieran daude, aurki despedituko dugu, heldu den ikasturteko eskaintza egiteko. Jakina, erabakirik hartu aurretik erakundeen ordezkariekin iritziak trukatu beharko ditugu”. 

Hezkuntza arduradunak iragarri zuenez, heldu den ikasturtean Iruñean Lanbide Heziketako goi zikloko bi kirol ikasketa publiko izanen dira: kirol egokitzapeneko teknikaria (euskaraz eta ingelesez) eta gizarte eta kirol animazio teknikaria (gaztelaniaz eta ingelesez). 

Batzordea
Kirol ikasketak Altsasuko institutuan segitzearen aldeko batzordea ordezkatuz Iker Manterola (Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea), Javier Ollo (Altsasuko Alkatea), Sonia Lopez Saldaña (irakaslea), Jon Bengoetxea (irakaslea) eta Alfonso Nuin (Bidelagun turismo elkartea) Parlamentuan izan ziren joan den asteartean. Aurretik prentsaurrekoan jakinarazitakoa azaldu zieten parlamentariei. 

Datuak 
202 ikasle. 
38 ikasle kirol ikasketetan, bakarra sakandarra. 
%41eko itxaron zerrenda. 
%100ak enplegua lortzen du. 
30 enpresetan egiten dituzte praktikak kirol ikasleek, bi enpresa sakandarretan.