Pilota

Zabaletaren eta Elezkanoren beste errezitaldi bat

Guaixe 2021ko ots. 22a, 13:53
Zabaleta eta Elezkano, partida bukaeran. Argazkia: Aspe.

Binakako liderrek 8 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Ladis Galarza. Martijak eta Jakak burua altxatu gabe jarraitzen dute, eta 15 eta 22 galdu zuten Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 8. jardunaldiak pilotari sakandarren arteko partida bat zuen, atzo Eibarko pilotaren katedralean Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Jose Javier Zabaletaren eta Danel Elezkanoren kontra jokatutakoa. Liderrak ziren faboritoak eta ez zuten huts egin. Beste behin, ikusgarri aritu ziren Zabaleta eta Elezkano eta Ezkurdia eta Ladis aurretik eraman zituzten, 8 tantotan utzi eta gero. 

Zabaletaren nagusitasuna erabatekoa izan zen eta Etxarrengoak uneoro bizkarra erakutsi zion Ladis Galarzari. Joseba Ezkurdia saiatu zen; tanto eder batzuk egin zituen, bi paretako tanto ikusgarri bat tarteko, Danel Elezkano frontoian alde batetik bestera mugitzen saiatu zen eta arriskatu zuen, baina ez zen nahikoa izan. Zabaletak eta Elezkanok erraz irabazi zuten. Dena atera zitzaien ondo, eta konfiantzarekin ibili ziren. Zabaletak izugarri jo zuen, diferentziak markatzen jarraitzen du, eta tantoak amaitzen ere ongi ibili zen, Elezkano bezala. Aldiz, ezinean ibili ziren Ezkurdia eta Ladis eta lur joka bukatu zuten. 

Horrela, Zabaleta eta Elezkano liderrek beste puntu bat lortu zuten, goian egotea ahalbideratzen diena (7 puntu). Sailkapenean bigarrenak Altuna eta Mariezkurrena dira, puntu berberekin. Hain zuzen ere Altunak eta Mariezkurrenak ostiralean Jaka eta Martija izan zituzten aurkari. Partida lehiatua izan zen, paretsua tarteka, eta ongi ibili ziren Jaka eta Martija, baina azkenean Altuna eta Mariezkurrena aldea ateratzen hasi ziren, eta 15 eta 22 irabaztea lortu zuten. Beraz, zulotik ezin atera azken postuan jarraitzen dute Jakak eta Martijak, puntu bakarrarekin. 

Gaur despedituko da Binakako hasierako ligaxkako 8. jardunaldia, Urrutikoetxeak eta Imazek eta Peña II.ak eta Albisuk Ataunen jokatuko duten partidarekin (22:30, ETB1).