Txirrindularitza

Gazteen mailako txirrindularitza denboraldia igandean hasiko da, Villatuertan

Guaixe 2021ko ots. 25a, 10:30
2019an Sakana Group-Aralar taldeko Aitor Alberdi arbizuarrak irabazi zuen Villatuertako lasterketa. Aurten Rural Kutxa-Seguros RGA taldean afizionatuen mailan mustuko da Alberdi.

Igandean, goizeko 11:00etan, XLIII. San Veremundo Zirkuitua jokatuko da, eta denboraldia hasteko prest daude Quesos Albeniz eta Sakana Group-Aralar taldeak

Burunda Txirrindularitza Klubeko Quesos Albeniz taldeko eta Aralar Txirrindulari Klubeko Sakana Group-Aralar taldeko txirrindulariak aspaldi dabiltza entrenatzen. Egunero ikusten ditugu euren maillot gorriekin eta berde-txuriekin handik ona, Sakanako errepideetatik barna. Orain, egindako prestaketa lana praktikara eramatea dagokie, igandean gazteen mailako 2021 denboraldia hasiko baita, Lizarra aldean, Villatuertan hain zuzen ere.

Igandean, goizeko 11:00etan emango zaio hasiera XLIII. San Veremundo Zirkuitua proba klasikoari. Txirrindulariek 70,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsua dute aurretik, eta ea denboraldia nola hasten duten gure txirrindulariek.