Guztira 30.000 kilo jaso ditu, Tindouf ondoko saharar pertsonen errefuxiatu kanpamentuetara bidaliko dituena. Paraje hori Saharako desertuko toki latzenetakoa da, hammadako. Han dagoen errefuxiatu eremuan 180.000 saharar inguru bizi dira duela 45 urte baino gehiago. Bildutako jakiak martxoaren 4an Alicantetik aterako dira errefuxiatu eremurantz.
2020eko azaroaren 13an Marokok 1991ean sinatutako su-etena hautsi zuen. Geroztik, isildutako gudak Mendebaldeko Sahararen egoera zaila larriagotu du. Baita mugen itxierak ere. Harako azken hiru bidaiak ere bertan behera gelditu dira. Eta horrek guztiak errefuxiatu kanpamenduetara laguntza iristea trabatzen du. Horregatik, Saharako Ilargi Erdiak elkartasunerako deia egin eta jaki bilketa antolatzeko eskatu zuen. Deialdi horri erantzunez egin da elikagai bilketa Nafarroan.
Haurrak Saharan
Basamortuaren erdian uda pasatzeko ez dira baldintzarik egokienak ez dira inorendako, eta are gutxiago haurrendako. Horregatik, Uda Bakea programaren bidez Saharako haurrek udako hilabeteak Hego Euskal Herrian emateko aukera dute. Baina COVID-19 gaitzagatik programa hori bertan behera gelditu zen joan den urtean eta aurten ere. ANAS eta beste hainbat elkarte haur sahararrek uda ahalik eta hobekien pasa dezaten zer egin aztertzen ari dira. Joan den urtean programa alternatiboa prestatu zuten eta aurten antzeko zerbait eginen dute. Bitartean, heldu den urteko programaren prestaketan hasi dira.
Bestetik, hainbat erakundek deituta, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 45 urte betetzen direla ospatzeko larunbat eguerdian manifestazioa eginen da Iruñean, Baluarteko plazatik Gaztelu plazara.
Dirulaguntza
Jakiak erosteko edo garraioa pagatzeko dirua honako kontu korronteetan sartu daiteke: Laboral Kutxa ES74 3035 0113 59 1130021437; Rural Kutxa ES93 3008 0001 11 0700365729 edo Caixa ES33 2100 5319 49 2100199896. Bestela Bizum bidez ere egin daiteke diru ekarpena, 626 502 495 telefonoan. Elkarteko kideek eskatu dute diru ekarpena egitean kontzeptuan izen-abizenak eta nortasun agiria zehaztea, hala heldu den urteko errenta aitorpenean deskontua izateko.