Hasel askatzeko exijitu dute

Guaixe 2021ko ots. 25a, 18:59
Rap kantariaren askatasuna aldarrikatzemn. Argazkia: GKS.

Haren askapena aldarrikatzearekin batera eta atxiloketaren kontra egondako mobilizazioetan poliziaren jazarpena jasan dutenei “babes osoa” helarazi nahi zieten. 

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, Pablo Hasel abeslari kataluniarra askatzeko kontzentrazioam 150 bat pertsona elkartu ziren Altsasuko plazan larunbatean. GKSko ordezkariek adierazi zutenez, “espainiar justizia burgesak, monarkia iraintzea eta terrorismoa goratzea leporatuz, Hasel espetxeratu du”. GSK kideen iritziz, “egunez egun, oinarrizko eskubideen urraketa bat bizi dugu, Covid-19 birusaren etorrerarekin batera nabarmen areagotu dena. Haselen atxiloketa, oinarrizkoa den adierazpen askatasunaren ezabapenaren adibide argia da”. 

Mobilizazioaren deitzaileek gaineratu zutenez, “pandemiaren aitzakiapean, burgesiak are gogorrago kolpatu du proletalgoa. Gure egunerokotasuna kriminalizazioak, kontrol sozialak, legez kanporatze politikoak eta pobreziak ezaugarritzen du”. Horren adierazle gisa jarri zuten, “Sakanan handitutako polizia presentzia eta zirkulatzeko zein biltzeko askatasunaren mugatzea”. Altsasura sartzeko larunbat eguerdian kontrolak izan zirela ere nabarmendu zuten. 

GKSko kideen iritziz, “bankari eta enpresarien kontrolpeko erregimenei aurre egingo dion langileriaren antolakuntza indartsurik gabe, erregimenek totalitarismora jotzen dute, krisialdi ekonomikoetan are gehiago. Horregatik, antolakuntza komunistaren beharra azpimarratu nahi dugu, askatasun politikoak eskuratzen joateko prozesua abiatuz, sozialismoaren eraikuntzarako ezinbesteko elementu dena”. Bukaeran, amnistia beharrezkoa dela aldarrikatu zuten, “burgesiaren erregimenari aurre egiteagatik errepresioa jasan dutenen egoerari aurre egiteko errebindikazio politikoa baita”.