Haur Hezkuntza doakoa eta duina exijitu dute

Guaixe 2021ko mar. 1a, 09:34

Iruñeko Sarasate pasealekuan egin zuten bilkura, Nafarroako Parlamentuaren parean. Argazkia: Utzitakoa.

Hezkuntza-sistema berdintzailerik handiena izateko “hezkuntza-politika irmoa eta ondo finantzatua eskatzen dugu. Bi gauza egin behar dira batean: hezkuntza-ekitatea bermatu eta aldi berean eta modu koordinatuan, haur-pobreziaren aurka borrokatu”. 

Nafarroako 0-3 Plataformak deituta, 0-3 urte bitarteko hezkuntza komunitateak bere haserrea erakutsi zuen Iruñean. Salatu zuenez, “klase politikoak, zoritxarrez, sistematikoki gaizki tratatzen diren haurren babesa bermatu beharra dauka”. Eta, besteak beste, exijitu zuten: ume kopuruarekiko ikasle ratioak jaistea, langileen egoera duintzea, 0-3 zikloa funtsezko zerbitzutzat hartzea, Haur Hezkuntza duintzeko alde guztiak lan koordinatua egiteko bilerei boikotik ez egitea, zikloaren doakotasuna eta familiek hezkuntza publiko batengatik tarifa garesti eta elitista ordaindu beharra izatea. 

Plataformako kideek gogorarazi zutenez, “PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Ezkerrak sinatutako Gobernu Akordioan doakotasunerantz eta unibertsaltasunerantz aurrera egitea ezarri zuten”. Halakorik ez dela egin salatu dute eta familiek tarifa berak pagatzen segitzen dutela nabarmendu dute.  Eta gaztigatu dutenez, “tarifek familien diru sarrerei ezta familia eredu desberdinei ez diete erantzuten”. 

Gobernua
PSNk Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan dituen jokabideak ezin dituzte ulertu: “xantaia politikoaren bidez, Iruñeko haur eskoletan doakotasuna lortu du, Gobernuko PSNk beste aldera begiratzen duen bitartean”. Nafarroako 0-3 Plataformako kideen iritziz, hori gainontzeko herrietako familiekiko “diskriminazioa” da, “zerga berak eta titulartasun publikoko eskoletara umeak eramaten dituzte haiek ere”. Horregatik, plataformako kideek diotenez, “gobernuaren arduragabekeriak zuzenean eragiten dio gaur egun familien ekonomiari. Baliabiderik gabe eta zikloaren ezagutza teknikorik gabe abandonatu dituzten udal ordezkariak, herritarren doakotasun eskaerei dagokionez”. 

Nafarroako 0-3 Plataformako kideek gaineratu dutenez, “Nafarroako Gobernuak, hezkuntza-lege berriak dionaren aurka, ez du bermatzen ahalik eta ekitate inklusibo handiena, ez eta hura garatzeko orduan, diskriminaziorik gabe, ahalik eta arretarik handiena jasotzeko eskubidea ere. Horrek esan nahi du bere erabakiak haurren pobrezia desagerraraztetik urrun daudela, eskolatze-politika klasistari eusten baitzaio; praxian ez du eskola- bereizketa geldiarazten, eta ez du sarbide orekatua bermatzen”. Horregatik, “hezkuntza-politika irmoa eta ondo finantzatua” eskatu zuten, “hezkuntza-ekitatea bermatzeko eta, aldi berean, eta modu koordinatuan, haur-pobreziaren aurka borrokatzeko”. 

Ziurtatu zutenez, “haur-eskolara bideratutako partida ekonomiko publikoak handitzea etorkizuneko inbertsioa da”. Eta Barne Produktu Gordinaren %5 hezkuntza etapa horretara bideratzea eskatu zuten.