Arkaitz Irigoien Barandiaran

"Grabitatearen indarrari esker iristen da ura etxeetara"

Guaixe 2021ko mar. 4a, 14:54

Bi langile ur edangarrirako tratamendu estazioan.

Urdalur uberkaren martxa bertatik bertara ezagutu ondoren, zikloa ixteko, erretenaren aldamenean dagoen Edateko Ura Tratatzeko Estaziora jo du Guaixek. Han Sakanako Mankomunitatearen Ur Zerbitzuak uberkako ura edateko ur bihurtzen du.

Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz ezik, ibarreko gainontzeko herriak daude Ur Zerbitzuan. Arkaitz Irigoien Barandiaran Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuko teknikaria da. 

Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzua zenbat langile dauzka? 
Lau, baina gaur egun bost gaude. Bat jubilatzear dago eta haren partez beste langile bat sartu da. 

Edateko Ura Tratatzeko Estazioan zein lan egiten dituzue? 
Hainbat parametro neurtu behar dira, kloro mailak eta horiek guztiak ez daitezela ez asko igo, ez asko jaitsi, ongi funtziona dezan. Garbiketak egin behar dira, mantentze lanak… Beti dago zerbait egiteko. Lau filtro daude berez eta oraintxe bertan bat geldi dugu mantentze edo erreparazio lanetan gaudelako. Arazoren bat baldin badugu estazioan, hemen dena dago ez gelditzeko pentsatuta. Horretarako daude bypassak eta halakoak. 

Lanak banatuta dituzue?
Bai, Sakanan, herriz herri lan gehiago dugulako eta denak ezin gara honutz etorri. Gehiago alde batera edo bestera, lanen arabera banatzen gara. Goizetan beti eguna antolatzen dugu. 

Urteko egun eta ordu guztietan zerbitzua martxan dago? 
Guztiok astelehenetik ostiralera lan egiten dugu. Baina astero gutako bat aste guztia zaintzan dago. Asteburuetan dena errepasatzea tokatzen zaio, herriz herriko datuak eta Urdalurkoak. 

Ebroko Ur Konfederazioarekin harremanetan egonen zarete, ezta?
Egunero ez, baina, bai. Beraiek hor bulegoa dute eta edozein gauzarengatik beti gaude harremanetan.

Urdalurko uberkatik ura presio handiarekin etortzen da? 
Bai, hemen garbitu ondoren, presio hori baliatuz, hemendik gertu dagoen biltegira bidaltzen dugu. Hura altu dagoenez, handik Sakana guztira bideratzen da ura. 

Handik etortzen den ura “gobernatzeko” presioa “hausteko” zerbait egin behar duzue? 
Ez. Balbulak beraiek arduratzen dira ur korronte hori frenatzeaz. Eta tratamendu estazioan dena egonkortzen da, ura mantso gelditzen da. Hemendik ur biltegira grabitate bitartez iristen da ura. Ur biltegi handi horretatik Sakana guztira ez, baina gehienera bai, grabitatearen indarrari esker iristen da. Badaude puntu batzuk punpak behar direla ura herrietako biltegietara eramateko. Baina gehienetara grabitatearen indarraz iristen da. 

Urak tratamendu plantan zer bide egiten du? 
Ura lehen putzu batera iristen da. Ur salto moduko bat dago eta hor nahasten dira kloroarekin, polikloruroarekin eta almidoiarekin. Hori ura garbitzeko erabiltzen da. Handik bigarren putzu batera iristen da. Ur azpian mantso-mantso biratzen duen pala moduko bat dago eta produktuak eta ura nahasten laguntzen du, guztiak maila bera izan dezan. Produktuen eraginez, uretan dagoen zaborra bigarren putzutik koagulatzen hasita ateratzen da. Handik hirugarren putzura, dekantagailura pasatzen da ura bere kabuz, mantso-mantso. Dekantagailura koagulu edo maluta moduko bola batzuk iristen dira. Maluta horiek batzuk bestearekin itsasten joaten dira. Zenbat eta handiagoak izan pisu handiagoa hartzen dute, eta dekantagailuan ura geldi dagoenez, zabor guztia hondoratzen da eta ur garbia goian gelditzen da. Behean aldika konporta 30 bat segundoz zabaltzen dugu ur zikin hori ateratzeko. Atzera ere ixten da. Dekantagailu horren uraren irteera goiko aldean dago eta handik laugarren prozesura joaten dira, filtroak.   

Lau filtro dauzkazuela esan duzu.
Tratamendu estazio hau lau filtrotarako prestatuta zegoen. Hasiera batean hirurekin hasi ziren, baina laugarrena martxan dago. 

Nolakoak dira hemengo filtroak? 
Lau granulometriako silize harearen bitartez iragazten du ura. Ura goitik behera handik pasatzean, gelditzen diren zikin txiki-txikiak kentzen ditu. Eta ura ia %100ean garbi ateratzen da. Filtroen irteerako ura punpa batekin hemen dugun laborategira eramaten du eta han neurtzen dugu zer kloro kopuru duen, guk jakiteko gehiago edo gutxiago eman behar diogun. Hortik hemengo biltegi handira bidaltzen da eta handik Sakana guztira banatzen da. 

Filtroak maiz aldatu behar dira? 
Ez dira maiz aldatzen. Hori egunero garbitu egiten da: are guztia harrotu egiten da, garbitzen da eta martxan jarraitzen du. Ez da aldatu beharreko zerbait. Hori bai, harea bost urtero aldatzen da. 

Euri asko egin duelako ura zikinago etortzen da? Halakoetan Ur Konfederaziokoekin hitz egiten duzuen ura hargune batetik edo bestetik hartzeko? 
Eurite handiak badaude urtegi guztia zikintzen da eta hor ez dugu asko egiterik. Ura beti urtegiaren goiko aldetik hartzen saiatzen gara, han baitago ur garbiena. Konfederazioak duen pontoitik. Baina uda pasatzen doan heinean, ura berotzen doa gaineko kapa hori. Eta bakteria arazoak izan ditzake. Edo bakterien gaia areagotzen du. Udaren martxaren arabera, uda erdian edo bukaeran, ura beheko maila batetik hartzeko eskatzen diegu. Eta erdialdetik hartzen dugu. Nahiz eta pixka bat zikinagoa izan beti da freskoagoa eta bakteria kontuetan beti garbiagoa da. 

Laborategia duzuela esan duzu. Zuek arduratzen zarete?
Laborategi txikia da, non badiren automatikoki doazen sentsore batzuk. Bera neurtzen joaten da. Eta guk zein balore egon behar duten badakigunez, emaitza horiekin jokatzen dugu, pixka bat gehiago, pixka bat gutxiago, edo ongi ateratzen den. Gainera, kloro maila egunero eskuz hartzen dugu ere. Kloroarekin tentuz ibili behar da. Horretaz aparte, Nafarroako Gobernutik ere nahi dutenean etortzen dira neurketa egitera. Eta zerbait arraro ikusten badute beraiek esaten dizute. 

Etortzerakoan lohiaz betetako obra edukiontzi bat ikusten dugu bide bazterrean. Zer da? 
Dekantagailu horren banatze prozesu horretan, behean gelditzen diren maluta edo lokatz puska horiek ezin dira ibaira bota. Horregatik behartzen gaituzte araztegi bat izaten, ur zikin hori garbitzeko eta lokatza banatzeko. Ura nahiko garbi dagoenean ibaira bueltatzen dugu. Eta plantatik lohiak tobera batera bideratzen dira eta edukiontzi batean bukatzen dute. 

Hemendik ur garbia biltegi handi batera doala esan duzu. 
Tratamendu estazioan biltegi txiki txiki bat dugu, badaezpada eta garbiketetan erabiltzeko. Hemendik km erdira ur biltegi oso-oso handia dugu, estazioa geldituz gero, pixka bat irauteko modukoa. Baina kontsumitzen dugun ur guztiarekin egun bat edo gutxiago iraunen luke. Zeren ur asko erabiltzen dugu. Eta orain gehiago, COVID-19 garaian jarri diren igerileku guztiekin.  

Urdalurko sareak ura Satrustegira edo Ziordira eramaten du, nola? 
Grabitatearengatik iristen da haraino. Horrela funtzionatzeko kalkulatuta dago dena. Nahiz eta herrien maila iritsi, herri batzuetan ura punpatzen da biltegira iristeko. Azken batean, ur biltegiak herri gainean daude, grabitatea baliatuz herria hornitzeko. Herriaren eta kokapenaren araberakoa da hori. 

Urdalurko ura herrietako biltegietara tratatuta iristen da? 
Bai, estaziotik ura tratatuta ateratzen da. Baina hemendik ezin dugu herri guztietarako erregulatuta atera. Hemendik ateratzen den mailarekin gertuko herrietara ura ongi iristen da, eta ez da ezer gehiago egin behar. Baina, gero, herriz herri joan beharko dugu, kloro maila ematen-edo, behar diren mailan mantentzeko. Horiek Estatuak jartzen ditu. Zaintzan dagoena arduratzen da. Eta hodiren bat lehertuko balitz, edo beste edozer gauza, beti dago bat zaintza egiten. Edo laguntza beharko balu, beste lankideak hortik gabiltza beti. 

Eta horrelakoak askotan pasatzen dira? 
Zer da asko eta zer da gutxi? Niretako asko. 

Urritzan honen moduko beste estazio bat du Mank-ek, ezta? 
Planta askoz ere txikiagoa da. Baditu gehigarriak, tankeak eta filtroak, baina hango eta hemengo filtroak ez dute batere zerikusirik. Askoz ere txikiagoak dira.  Baina, azken finean, harez garbitzen duen filtroak dira eta lan berdina egiten dute, nahiz eta itxuraz desberdinak izan. Han Iribasko iturburu batetik hartzen den ura garbitzen da, Irurtzun eta ondoko Arakilgo herriei emateko. Eta zergatik? Urdalurko hodia oraindik Irurtzunera iritsi ez delako. Satrustegiraino iristen da eta aurten dena ongi badoa Etxarreneraino luzatuko da. Moldaketa batzuk eginda Etxarren Urdalurko ura hartzen ari da. Baina orain hodia haraino luzatuko da. Irurtzunera iristea da asmoa. 

Urdalurren ura urtegikoa da eta Iribasen iturburukoa. Aldea dago?
Bai, nabaritzen da. Baina, azkenean, ura da eta prozesu berarekin garbitu behar da. 

Urritzatik Irurtzunerako ur hodia behin baino gehiagotan konpondu da azken urteetan. Zergatik? 
Bere garaian jarri zen hodia ibaitik oso gertu doa; ibaiari jarraika, mendian gora eta behera ez egiteko. Ibai ertzak badakigu zer diren: askotan lurra mugitzen da, hezetasunarekin halako gauzak izaten ditugu. Eta, bai, hodia behin baino gehiagotan izorratu zaigu. Eta, azkenean, arazoak. 

Urdalurko hodia Irurtzuneraino iristean, zer gertatuko da Iribaskoa sarearekin? 
Ez dakit. Nik uste dut mantenduko dela. Gauza da arazoren bat duzunean jokatzeko aukerak izatea. Eta biekin joko hori izanen genuke zerbait gertatuz gero. 

Hodian ur ihesak egoten dira? 
Bai, asko. Lehenbailehen konpontzen saiatzen gara. Baina badaude ikusten ez diren ur ihesak eta konpontzea gehiago kostatzen direnak. Baina behin ihesa non dagoen jakinez gero, egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen saiatzen gara. Ur ihesak detektatzeko kontadoreak izaten ditugu eta, horrela, dakigu zenbat ur pasa den eta zenbat iritsi den. Eta horrek ihesa, pitzadura edo dena delakoa non egon daitekeen arrastoa ematen dizu. 

Sakanan barna etxola batzuk daude. Horiek Ur zerbitzuarenak dira? 
Bai. Hortik Urdalurko hodi nagusia doa, goiko ur hornidurako hodia. Etxola horietan giltza batzuk ditugu. Eta etxola horietan herrietarako ur harguneak daude. 

Ur premiarik izan da sekula? 
Zorionez ur asko dugun toki batean bizi gara. Eta ur falta denbora dexentean ez dugula izango uste dut. Baina asko nabari da. Udan, batez ere, gero eta kontsumo gehiago, igerileku gehiago… Azkenean, nabari da. 


2.200.000
Metro kubiko horiek ateratzen dira urtero, gutxi gorabehera, Urdalurko urtegitik Sakana urez hornitzeko.


Faktura 
Sakanako Mankomunitatearen uraren fakturan hiru kontzeptu finko pagatzen dira: hornidura kuota (ura etxera eramateagatik), saneamendu kuota (ura garbitu eta ibaira bueltatzeagatik) eta ur kontagailuaren mantentzea. Hiru kontzeptu finko horiek urtero ezartzen dira. Ura garbitzeaz eta ubeldera bueltatzeaz Nafarroako Gobernuaren Nilsa enpresa publikoa arduratzen da. Mank-ek Nilsarendako saneamendu kuotaren zerga-biltzailearen lana egiten du, hau da, dirua jaso eta hari ematen dio, araztegiak egin eta mantentzera bideratu dezan. Mank-ek Nilsari pagatu beharrekoa metro kubikoen araberakoa da. 

Fakturan finkoa ez den kontzeptu bakarra ur kontsumoarena da. Etxebizitza edo lokaletan kontsumitu diren metro kubiko kopuruaren arabera pagatu behar izaten da. Mank-ek ordainketak egiteko ordainketa tarteak zehaztuta ditu, horren arabera pagatzen da. Hala ere, kontsumo batetik gora, metro kubikoa garestiagoa da. Neurri horrekin, gehiegizko kontsumoa ez sustatzeko. 


Bidea 
Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udalena da Urdalurrerako bidea, “zulo” batean kokatuta dagoena eta zuhaitzez inguratuta. Langileek diote bidea gaizki dagoela eta, neguan batez ere, mantentze faltagatik arazoak izaten dituzte. Gainera, elurra egiten duenetan, zuhaitzen bat botatzen denean, haraino iristeko komeriak izaten dituzte. Batzuetan, zuhaitzen bat goi tentsioko argindar sare gainera erortzen bada, estazioa argindarrik gabe gelditzen da. Halakoetan, argindar sortzaileekin joan behar izaten dute estazioa elektrizitatez hornitzera, Sakana urik gabe ez gelditzeko.