Pilota

David eta Goliat

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 26a, 14:00

Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldian azkenak diren Jakak eta Martijak Elezkano II.a eta Zabaleta lider ahaltsuak izango dituzte aurkari igandean Tolosan. Ezkurdiak eta Ladis Galarzak astelehenean arerio latzak dituzte: Altuna eta Mariezkurrena

Binakako Pilota Txapelketa aurrera doa eta gutxika sailkapenaren goialdeko eta behealdeko aldeen arteko arrakala handitzen doa. Elezkanok eta Zabaletak sailkapenaren buruan jarraitzen dute (7 puntu), Altunarekin eta Mariezkurrenarekin puntutara berdinduta. Olaizola II.a-Rezustak eta Peña II.a-Albisuk bosna puntu dituzte, Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Ladis Galarzak hiruna puntu, eta Artola-Arangurenek eta Jaka-Martijak puntu bana. Elezkano-Zabaletak eta Altuna-Mariezkurrenak hanka erdia baino gehiago dute finalerdietan, eta hobekien sailkatuta daudenen arteko kanporaketan erabakiko da nor sailkatuko den finalerdietarako. Sailkapenaren putzuan atera ezinik dauden Artola-Arangurenek eta Jaka-Martijak ia ezinezkoa dute finalerdietako txartela lortzea; euren erronka egoerari buelta ematea eta ahalik eta itxura onena ematea da. 

9. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia egonen da jokoan. Jardunaldia zabaltzen duen partidan, Olaizola II.ak eta Rezustak Peña II.a eta Albisu izanen dituzte aurkari gaur, ostirala, Larrabetzun (22:00etan, ETB1), eta Bengoetxea VI.ak eta Arangurenek Urrutikoetxearen eta Imazen kontra jokatuko dute larunbatean Markinan (17:15ean, ETB1). 

Igandean liderrak eta azkenak aterako dira Tolosako Beotibarko kantxara. Txanponaren bi aldeak: zulotik atera ezinean dabiltzan Jaka eta Martija, batetik, eta ikusgarri eta erakustaldia bata bestearen atzetik egiten dabiltzan Elezkano II.a eta Zabaleta lider ahaltsuak bestetik. David eta Goliat. Ez dago esan beharrik Elezkano II.a eta Zabaleta direla faborito nagusiak; euren joko eta momentu bikaina definitzeko adjektiborik gabe geratu gara. Hala ere, Jaka eta Martija sorpresa ematen saiatuko dira. Lizartzarra eta etxeberriarra tartean daudenean ezin da inor erlaxatu, baina garaipena lortzeko Etxarrengo atzelari indartsua eta behetik gora egiten ari den Zaratamoko aurrelaria bere onetik atera beharko dituzte, eta hori, gaur egun, asko esatea da. Bi atzelari arakildarren arteko lehiaz gozatzeko gogotsu daude pilota zaleek, eta ea biek euren maila eman eta katedrak lehia ederraz gozatzeko aukera duen. 

Bukatzeko, Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez dute lan erraza aurretik. Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira astelehenean Zestoan (22:30ean, ETB1), 9. jardunaldia itxiko duen partidan. Altunak eta Mariezkurrenak ez dute partekatutako lidergoa galdu nahi eta, aldiz, puntuatu beharrean daude aurrelari arbizuarra eta atzelari baraibartarra. Hortaz, tentsio handiko partida espero du katedrak.