Pilota

Elezkanok eta Zabaletak Jaka eta Martija dantzan jarri zituzten

Guaixe 2021ko mar. 1a, 11:45
Argazkia: Javier Colmenero.

Liderrek Jaka eta Martija 8 tantotan utzi zituzten markagailuak islatzen ez duen partida oso gogorrean

Atzo Tolosako Beotibarren jokatutako lehian Davidek ezin izan zuen Goliat mendean hartu. Elezkano II.a-Zabaleta eta Jaka-Martijaren arteko lehia oso gogorra izan zen, oso borrokatua, baina Elezkano II.ak eta Zabaletak beste errezitaldi bat eman zuten eta 8 eta 22 irabazi zieten Jakari eta Martijari. 

Hasiera paretsua izan zen, baina berehala egin zuten aurrera Elezkanok eta Zabaletak eta beti aurretik izan ziren. Bi arakildarrek, Zabaletak eta Martijak, lehia polita izan zuten atzeko koadroetan. Martijak ez zuen gaizki jokatu, inola ere, baina oraindik ez dago bere sasoi onenean, punttu-punttuan, fresko. Aldiz, Zabaletak aginte moduan jarraitzen du. Aipatzekoa da ez zuela hutsik egin –horregatik bereziki zegoen kontentu Etxarrengoa–, hiru tanto egin zituela, eta hankageldian egonda hirutik 10an jarri zuela pilota. Harrigarria. Zabaletak sekulako joko boladan segitzen du eta gozamen hutsa da bera jokoan ikustea. Gaur egun, diferentzia markatzen du. Jokoari ematen dion abiadura izugarria da, eta partida guztian abiadura eta erritmo horri eustea, oso zaila da gainontzekoendako, mugaraino eramaten zaituelako. 

Zabaletak “dantzan jarri zituela” dio Jakak
Erik Jaka aurreko koadroetan jokoa nahasten ibili zen; hori izan zen gorrien estrategia. Elezkano alde batetik bestera mugitzen eta Zabaleta aurrera ekartzen saiatu zen Jaka. Tarteka lortu zuen, baina Zabaleta aise iristen zen aurrera Elezkano laguntzera eta Jakak eta Martijak ezin izan zuten liderren jokoa gehiegi oztopatu. Elezkano bikain aritu zen. Oldarkor jokatu zuen, eta dejada ikusgarriak egin zituen. Horrela, liderrek arrabola pasa zuten Beotibarko kantxan. “Gure gainetik pasa balira bezala” sentitzen zela aitortu zuen Jakak partida bukaeran. “Bi-hiru pelotakadatan nahasten genituen, baina Josek berehala jartzen zigun dantzan” aitortu zuen. Sailkapenean azkenak dira Jaka eta Martija, baina ez dute etsi. “Azkenak segitzen dugu. Datorren asteko partidatan gure inguruan dabiltzan bikoteen kontra ariko gara, eta zerbait egin nahi badugu, partidak irabazi beharrean gaude. Guk irabazten dugun puntua ez dute eurak irabaziko” azaldu zuen. Egoera zailean daude, baina ez dute guztia galdua. 

Liderrak ez dira erlaxatuko
“Garaipenarekin pozik noa etxera. Uste dut partida guztian ez dudala pilotarik huts egin, eta horrengatik gehienbat” azaldu zuen Zabaletak partida bukaeran. Etxarrengoak gaineratu zuen bere ustetan Jakak eta Martijak “ez zutela bere eguna izan”. “Horregatik lortu dugu gure aldeko horrelako emaitza ona” nabarmendu zuen. Berak eta Elezkanok aurrerapausu ikaragarria eman dute ligaxkako lehen bi postuetan egoteko. Sekulako bikotea osatzen dute, guztiz osagarria dena. “Bai, oso pozik gaude. 8 puntu ditugu, baina atzekoak sendo datoztela ikusten da eta lehenengo bi postu horietan sailkatzeko, hori da gure helburua, partida gehiago irabazi behar dira” nabarmendu zuen.