Pilota

Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren aukera

Guaixe 2021ko mar. 1a, 13:00
Ezkurdiak eta Ladis Galarzak jota bukatu zuten Elezkanoren eta Zabaletaren kontrako partida. Gaur lan hobea egin nahi dute Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra.

Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia ixten duen partidan Altuna III.a eta Mariezkurrena II.a izanen dituzte aurkari gaur Zestoan (22:30ean, ETB1)

Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia gaur despedituko da, Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Jokin Altunaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra Zestoan jokatuko duten partidarekin. Jaialdia 22:30ean hasiko da eta ETB1ek zuzenean eskainiko du. 

Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez dute lan erraza aurretik. Altunak eta Mariezkurrenak ez dute orain arte Elezkanorekin eta Zabaletarekin partekatutako lidergoa galdu nahi eta horretarako gaurko partida irabazi beharko dute. Aldiz, txapelketan aurrera egiteko bermea izateko puntuatu beharrean daude Ezkurdia eta Ladis. Hortaz, tentsio handiko partida espero da. Nahiz eta Altuna eta Mariezkurrena faborito izan, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez dute bere aukera galdu nahi eta ikusiko dugu handiak txikia jaten duen edo txikiak sorpresa ematen duen.