Txirrindularitza

Rural Kutxa-Seguros RGA afizionatuen taldea ostiralean aurkeztu zuten

Guaixe 2021ko mar. 2a, 12:15

Aitor Alberdik eta Mikel Olaetxeak afizionatuen mailan Rural Kutxarekin debutatu dute eta eurak izango dira taldeko nafar bakarrak, Adrian Los Arcosekin batera. Taldearen 30 urtetan 114 txirrindularik lortu dute profesional izatea

Rural Kutxa-Seguros RGA afizionatuen mailako talde sakandarrak ostiralean egin zuen 2021 denboraldiko aurkezpena, Nafarroa Arenan, Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak gidatutako ekitaldian. Taldeak 30 urte bete ditu eta bertatik ondoren profesionalak izan diren 114 txirrindulari pasa dira. Ez da makala. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Juanma Hernandez managerrak nabarmendu zuenez, “30 urte bete ditugu Rural Kutxarekin oinarrizko txirrindularitza sustatzen. Pribilegiatu hutsak gara, eta ematen dugun pedalkada bakoitzean esfortzu hori eskertu beharrean gaude. Afizionatuen taldea, talde filiala, proiektu honen euskarria da, urtero profesional izango diren txirrindulariak trebatzen diren tokia. Taldearen historian 114 txirrindulari profesional trebatu ditugu eta oso harro gaude horregatik”. 

2021 urteko Rural Kutxa-Seguros RGA afizionatuen taldeak 23 txirrindulari ditu, horietatik 3 nafar: Sakana Group-Aralar talde lakuntzarretik aurten afizionatuetara salto egin duten Aitor Alberdi eta Mikel Olaetxea, eta Adrian Los Arcos. Beraiekin batera Oier Ibarguren, Mikel Mujika, Alberto Serrano, Calum Johnston, Pau Llaneras, Richard Huera, Alfonso Pla, Andoni Lopez de Abetxuko, Marc Brustenga, Carlos Oliver, Pablo Garcia, Julen Arriolabengoa, Iñaki Diaz, John Jairo, Alejandro Franco, Miguel Sanchez, Raul Lopez, Jaime Romero, Francesc Bennassar eta Jose Rebollo ariko dira.