Pilota

Ezkurdiak eta Ladisek sorpresa eman eta laugarren puntu oso garrantzitsua lortu dute

Guaixe 2021ko mar. 2a, 10:22
Atzo ikusgarri aritu ziren Ezkurdia eta Ladis Galarza. Argazkia: Juantxo Lusa, Diario Vasco.

Bart Altuna III.a eta Mariezkurrena 22 eta 17 hartu zituzten mendean Zestoan, lehia oso gogorrean. Finalerdietara sailkatzeko borrokan daudela erakutsi dute arbizuarrak eta baraibardarrak

Atzokoan bai. Atzokoan txikiak handia irabazi zuen. Bart Zestoan jokatutako Altuna-Mariezkurrenaren eta Ezkurdia-Ladis Galarzaren arteko lehiak itxi zuen Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia eta Altuna eta Mariezkurrena ziren faborito argiak. Baina Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak sendo jokatu zuten, eta lehia oso gogorrean sorpresa eman eta jokoan zegoen puntu garrantzitsua eskuratu zuten, euren laugarrena, bete betean Binakako finalerdietako borrokan sartzea ahalbideratu diena. 

Pauso bat eman dute aurrera
Partidaren hasieratik jokoaren iniziatiba hartzen saiatu ziren Ezkurdia eta Ladis Galarza, eta lortu zuten. Ezkurdia oso ongi aritu zen, eta baita Ladis Galarza ere. Mariezkurrenaren kontrako lehia gogorra zuen aurretik Baraibarko atzelariak, baina egon zitezkeen zalantza guztiak uxatu zituen. Ongi kokatuta, gehienetan aurrerantz jokatu zuen. Kantxa asko kubritzeaz gain, Ezkurdia bikain babestu zuen eta Mariezkurrena guztiz dominatu zuen. 5 eta 4an sekulako errebotea erantzun zuen eta soilik pilota bat galdu zuen, Binakakoan orain arte egindako zenbaki onenak eginez. 

Bestalde, Ezkurdiak lan itzela egin zuen aurreko koadroetan. Pilotari erritmoa jarri eta bere abiadurarekin eta ekimenarekin Altuna jokoz kanpo utzi zuen. 

Horrela, 22 eta 17 irabazi zuten Ezkurdiak eta Ladisek eta lorpen handia lortu zuten, laugarren puntua, urrezkoa, Binakako finalerdietara sailkatzeko borroka bete betean sartzea ahalbideratzen diena. Txapelketan pausu bat eman dute aurrera, eta kontuan hartzekoak direla erakutsi dute. Aldiz, Altuna eta Mariezkurrena punturik gabe geratu dira eta jada ez daude sailkapenaren buruan. Elezkano eta Zabaleta dira lider bakarrak, 8 punturekin, eta Altuna eta Mariezkurrena bigarrenak dira, 7 punturekin. 

Sailkapena
Binakako hasierako ligaxkako 9 jardunaldi jokatuta, Elezkano II.a eta Zabaleta dira liderrak (8 puntu), Altuna III.a eta Mariezkurrena bigarrenak (7 puntu) eta Peña II.a eta Albisu hirugarrenak (6 puntu). Olaizola II.a-Rezustak 5 puntu dituzte, Ezkurdia-Ladis Galarzak 4 puntu, Urrutikoetxea-Imazek 3 puntu, Artola-Arangurenek 2 puntu eta Jaka-Martijak ixten dute sailkapena, puntu bakarrarekin.