Futbola

Osasuna Fundazioak Aste Santurako Futbol Campusak antolatu ditu, horietako bat Lakuntzan

Guaixe 2021ko mar. 2a, 13:35
Osasuna Fundazioak aspaldi Etxarri Aranatzen egindako futbol campusa. Argazkia: Artxiboa.

Lakuntzako Zelai Berrik 4 eta 14 urte bitarteko haurrendako Osasunako Futbol Campusa hartuko du apirilaren 6tik 9ra eta izena ematea zabalik dago www.fundacionosasuna.com webgunean

Osasuna Fundazioak Aste Santurako eskaintzaren berri eman du. Aste Santurako Futbol Campus ezberdinak antolatu ditu, eta horietako bat Lakuntzan gauzatuko da. Horrela, Lakuntzako Zelai Berrik 4 eta 14 urte bitarteko haurrendako Osasunako Futbol Campusa hartuko du, 2008 eta 2017 bitartean jaiotako neska-mutilendako. “Futbolaz eta balioez gozatzeko 4 egun, profesionalik hoberenen eskutik” dio Osasuna Fundazioak. 

Goizeko 08:45ettik 14:00etara, adin eta maila guztietarako trebakuntza eskainiko da: hastapena (2017 eta 2014 bitartean jaioak), ikasketa (2013 eta 2011 bitartean jaioak), teknifikazioa (2010 eta 2008 bitartean jaioak) eta atezainendako entrenamendu espezifikoa, “futbol balioduna” izeneko prestakuntza eta titulua duten hezitzaileen eskutik. 

Lekuak mugatuak dira eta izena ematea zabalik dago Osasuna Fundazioaren webgunean (www.fundacionosasuna.com). Martxoaren 26a baino lehen egin behar da izena ematea, baina ahal bezain pronto egitea gomendatu dute fundaziokoek. Leku kopuru mugatua dagoenez, izena emandako ordena zorrotzaren arabera esleituko da. Informazio gehiagorako: 948 29 30 40 telefonoa. Martxoaren 10 baino lehen izena ematen dutenek Osasuna Fundazioaren kirol izerditakoa jasoko dute opari.