Lagunarteko hizkera lantzen

Guaixe 2021ko mar. 10a, 09:31

Ikasleak talerrean. Argazkiak: Euskara Zerbitzua.

Hiru ikastetxetako DBHko 152 ikaslek parte hartu dute tailer batean.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta, Sakanako hiru ikastetxetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Lagunarteko hizkerarekin jolasean tailerra jaso dute. Zehazki, tailerra Etxarri Aranazko DBHko 4. mailan (2 talde), Altsasuko BHI institutuko DBH 2. mailan (5 talde) eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBHko 3. mailan (talde bat) eman da. Talde bakoitzak Ttakun kultur elkarteko hezitzaileak dinamizatutako 2 orduko saio bana jaso du ilbeltzean eta otsailean. 

Euskara Zerbitzuaren tailer horien bidez gazteei lagunarteko hizkeran adar jotzea, hitz gordinak, ligatzea edota maitasuna adierazteko esamoldeak landu dituzte. Horrekin batera, gazteak animatu nahi izan dituzte egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabiltzera. Aldi berean,  gazteei hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakutsi diete, baita euskarazko erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea ere. Gazteek euskarazko erregistro kolokiala lantzeko, tailerretan dinamika eta jolasak egin dituzte, eta hizkuntzarekin jolasteko aukera izan dute. Euskara Zerbitzutik azaldu dutenez, ikasleek balorazio ona egin dute.