Presoen eta haien seme-alabei erreparatzeko hitzordu bikoitza antolatu du Sarek Etxarri Aranatzen martxoaren 13rako. Sarekideek diotenez, gaur egun “jendartearen gehiengo zabalarendako, eragile sozial, politiko eta sindikal nagusientzat, presoen korapiloa askatzea dela elkarbizitza eta konponbideari lotzen zaion aldagaia”. Hori horrela izanik ere, Sareko kideek gaztigatu dutenez, “espetxeetako egoera ez da batere ona. Euskal presoei, oraindik egun, aplikatzen zaien salbuespen neurriei pandemia gehitu zaio eta espetxeak erabat isolatzeko erabakia hartu du Espetxe Zaintzak”.
Errealitate horren adibide gisa jarri zuten Asier Carrera Arenzana, urte bete darama seme-alabak ikusi gabe. Urrunketari COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak ekarritako neurriak gehituta, “motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean oztopo berri bat” agertu dela nabarmendu dute. Horregatik, Sarekideek funtsezkotzat jo dute “espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko”. Euskal Herrian 84 motxiladun ume daudela jakinarazi dute, haietako hiru Etxarri Aranatzen; baina, aurreratu zutenez, martxoaren 12tik aurrera bi izanen dira.
Horregatik, Sareko kideek martxoaren 13ko 11:30erako ume eta helduak gonbidatu dituzte Etxarri Aranazko “motxiladun umeendako elkartasun mezuez” plaza betetzeko, beti ere, segurtasun neurri guztiak errespetatuz. Porrotxek gidatutako ekitaldian musika, dantzak eta jolasak ez dira faltako. Egun berean, 20:00etan, plazatik abiatuta, “Denak etxera” leloa duen eskualdeko manifestazioan parte hartzera deitu du Sarek, “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko”.