Gobernuari Lehen Arretako arazoak konpontzeko eskaera

Guaixe 2021ko mar. 2a, 09:35
Altsasuko osasun etxearen parean joan den asteazkenean egindako bilkura.

Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeen parean martxoko asteazkenetan kontzentrazioak eginen dira 11:00etan. Lehen Arretako “arazoak larritu direla” eta “egiturazko konponbideak” eskatu dizkiote gobernuari.

Nafarroako Osasun Plataformak deituta asteazkenean zure osasun etxea defendatu leloa duten bilkurak egin ziren Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeen parean. Hileko asteazken guztietan errepikatuko bilkura horiek, baita Irurtzunen ere. Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, “ikusita kontseilariak ez duela deus egiten osasun etxeetako langileen eta erabiltzaileen arazoak konpontzeko, elkarretaratzeak berriz egitera behartuta gaude”. Gaineratu dutenez, “argi utzi nahi dugulako adabakiek eta epe laburreko konponbideek ez dutela arazoa konponduko. Egiturazko konponbideak behar dira”.