Pilota

Ezkurdiaren iritziz gaurko partidak “tranpa” du

Guaixe 2021ko mar. 5a, 12:52

Binakako finalerdietan egoteko borrokan jarraitzen dutela argi erakutsi duten Ezkurdiak eta Ladis Galarzak zulotik ezin atera jarraitzen duten Jaka eta Martija izanen dituzte aurkari gaur Tafallan, baina ez dira fio. Bestalde, Elezkano eta Zabaleta lider bakarrak dira, eta igandean lidergoa bera dute jokoan Altuna III.aren eta Mariezkurrenaren kontra 

Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Binakako finalerdietan egon nahi dutela erakutsi dute, astelehenean Zestoan Altuna eta Mariezkurrena faboritoei 22 eta 17 irabazi eta gero. Ezkurdiak eta Galarzak, biek ala biek, bikain jokatu zuten, eta partidaren hasieratik jokoaren iniziatiba hartu zuten. Ezkurdiak lan itzela egin zuen; bere abiadurarekin eta ekimenarekin Altuna jokoz kanpo utzi zuen. Eta Ladisek egon zitezkeen zalantza guztiak uxatu eta Mariezkurrena guztiz dominatu eta Ezkurdia babestu zuen. 5 eta 4 tantoan sekulako errebotea erantzun zuen eta soilik pilota bat galdu zuen, Binakakoan orain arte egindako zenbaki onenak eginez. Eta zer esan Ezkurdiak hankapetik egin zuen tantoaz; jardunaldiko tantorik onena izan zen. Horrela, garaipen garrantzitsua lortu zuten Ezkurdiak eta Galarzak, euren laugarren puntua, urrea balio duena, Binakako finalerdietara sailkatzeko borroka bete betean sartzea ahalbideratzen baitie. Finalerdietan egoteko bere hautagaitza erakutsi dute, eta kontuan hartzekoak direla argi utzi dute. 

Egungo txapeldunak elkarren kontra
Gaur, ostirala, Tafallan, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Erik Jaka eta Julen Martija izanen dituzte aurkari (22:00etan, ETB1). Egungo Binakako txapeldun diren bi sakandarren arteko lehia estua izanen da, bi bikoek jokoan dauden puntua behar dutelako: Ezkurdiak eta Galarzak, finalerdietako play-offetan sailkatzeko, eta Jakak eta Martijak, putzutik ateratzeko. 

Izan ere, sailkapenean azkenak dira Jaka eta Martija, puntu bakarrarekin. Azken jardunaldian 8 eta 22 galdu zuten Elezkanoren eta Zabaletaren kontra, markagailuak islatzen ez duen partida gogorrean. Jakak eta Martijak ez zuten gaizki jokatu; Martijak Zabaletari eutsi zion eta Jaka aurreko koadroetan jokoa nahasten saiatu zen, baina Zabaleta ikusgarri aritu zen –Etxarrengo pilotariak ez zuen hutsik egin eta hanka geldian egonda hirutik 10ean jarri zuen pilota– eta Elezkano ere oso fin ibili zen. Liderrek arrabola pasa zuten Beotibarko kantxan eta Jakak aitortu zuen “gure ginetik pasa balira bezala” sentitu zirela. 

Jaka: “Entrenamenduetan ongi ari gara, baina hori ez dugu kantxan islatzen”
Hala ere, Jakak eta Martijak ez dute etsi. Binakako hasierako ligaxkako azken lau jardunaldietan euren inguruan dabiltzan bikoteen kontra ariko dira, eta irabazten badute finalerdietarako play-offetarako sailkatzeko aukera izango dute. Zaila dute, baina ez da ezinezkoa. “Dinamika txarrean gaude eta bertatik ateratzea kosta egiten ari zaigu. Entrenamenduetan ongi ari gara, baina hori ez dugu kantxan islatzen. Tafallako partida oso garrantzitsua da, irabazten badugu aurrerapauso izugarria litzateke. Partidaz partida joan beharra dugu” azaldu zuen Jakak asteazkeneko pilota aukeraketan

Ezkurdia: “Tafallako partida irabaztea eurendako bezain garrantzitsua da guretako”
Joseba Ezkurdiak adierazi zuen Jakaren eta Martijaren kontrako partidak “tranpa” duela. “Azkenak direnez badirudi gaizki dabiltzala, baina nik zorte txarrarekin baina sentsazio onekin ikusten ditut. Martijak bere jokoa berreskuratu du eta Erik oso arriskutsua da erasoan. Tafallako partida irabaztea eurendako bezain garrantzitsua da guretako” nabarmendu zuen Ezkurdiak. Beraz, tentsio handiko partida baten aurrean gaude. Halaber, irabazi ondoren astea hobeto pasatzen dela aitortu du arbizuarrak, boina partida partida joan behar dela. 

Elezkano eta Zabaleta, lidergoa gehiago sendotzera
Sailkapeneko bi izarren arteko lehia hartuko du igandean Tolosako Beotibarrek (17:15ean, ETB1). Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek (8 puntu), Altuna III.a eta Mariezkurrena II.a bigarrenak (7 puntu) izanen dituzte aurkari, bi oilarren arteko lehia ikusgarria aurreikusten dena. Lidergoa bera da jokoan dagoena, eta jardunaldiko partida interesgarrienetakoa izango da. 

Beste bi jardunaldiei dagokienez, lesiotik osatu zen Artola Binakakora bueltatuko da, eta Arangurenekin batera, Peña II.aren eta Albisuren kontra ariko dira larunbatean Labriten (17:15, ETB1). Bukatzeko, astelehenean, Muskizek Olaizola II.a-Rezustaren eta Urrutikoetxea-Imazen arteko partida hartuko du (22:30, ETB1).