Preso dauden emakumezkoen errealitatearen berri bideoa osatu dute eta proiektua despeditzeko liburu bilketa eginen dute, “liburuak haien errealitatetik deskonektatzeko aukera emanen dielako”. Sakanan ere jasoko dituzte emakumezko presoendako liburuak. Leire Sagarzazu Ibarguren lakuntzarra proiektuan aritu den ikasleetako bat.
Lanbide Heziketan nola bizi da Emakumearen Eguna?
Normalean egun horri begira proiektuak hasten ditugu. Eta aurten kartzelan dauden emakumezkoei buruzko proiektu bat sortzea erabaki dugu.
Zergatik aukeratu duzue kartzela?
Espetxea gizonezkoei begira sortu da. Eta guk emakumezkoen egoera ere ikusgai egin nahi dugu, ahaztuta ditugulako.
Ikasleek aurretik kartzelarekin harremanik bazenuten?
Ez. Ikaskide batek praktikak egiten ditu presoekin. Eta horren harira egoera ezagutzen dugu pixka bat. Baina, berez, guztiok ez dugu haiekin harremanik.
Gizonezko edo emakumezko izan, generoak pertsona presoengan eragiten du?
Bai. Gizonezkoei begira sortutako egitura da. Emakumezkoa izateagatik gizonezkoa izateagatik baino zapalkuntza gehiago jasaten dituzte. Eta, ondorioz, haien egoera kartzelan ez da berdina.
Zer kontatzen dizue kartzelari buruz ikaskideak?
Berak, berez, gizonezkoekin lan egiten du. Baina Amaia Izko abokatua etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera eta berak emakumeen egoeraz hitz egin zigun. Emakumezko izateak zapalkuntza hori eragiten du. Horretaz aparte, arrazakeria ere jasaten da. Eta beste zapalkuntza batzuk ere.
Gizartean emakumeez sortutako irudia hautsi dute kartzelan dauden emakumezkoek?
Bai. Kartzelan sartzen dira emakumezkoei jarritako rol hori puskatzeagatik.
Zertan datza lantzen ari zareten proiektua?
Haien egoera ezagutzeko lan bat egin dugu. Eta emakumezko presoen errealitatea ikustarazteko bideo bat egin dugu. Horrekin batera, liburu bilketa eginen dugu beraiek ikusteko ez daudela bakarrik. Nahiz eta haien inguruan gutxi hitz egin eta gizarteak haiek ez ikusi, haiendako gu hor gaudela adierazteko.
Zer jaso duzue bideoan?
Egoera batzuk jaso ditugu, Nafarroan bakarrik gertatzen ez direnak. Ikusgarriagoa egin nahi izan dugu esaldi batzuk aipatuz eta, gutxi gorabehera, egoera azalduz. Bideoa Iruñeko Hezitzaile Eskolako webgunean ikus daiteke. Eta horretaz aparte, sare sozialen bidez partekatzen ari gara.
Zein kartzelatako presoekin ari zarete lanean?
Berez ez gabiltza inongo presoekin lanean. Guk nahi duguna da Iruñeko kartzelara edo Euskal Herri osoko kartzeletara eraman, emakumezkoak dauden espetxe horietara.
Gaur egun Iruñeko kartzelan emakumezko presorik badago?
Ez dakit zehazki zenbat, baina, badaude, bai.
Aipatu duzu liburu bilketa ere eginen duzuela.
Garrantzitsua iruditzen zaigu beraiei beroa ematea, esanez ez daudela bakarrik, eta norbait dagoela haien alde egiten. Liburu bilketa Lakuntzan eta Altsasun eginen da. Ez dakigu herri gehiagotan jarriko dugun. Garrantzitsua da liburu bakoitzean emakumezkoendako eskaintza bat idaztea.
Non eta noiz eginen da liburu bilketa?
Astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Lakuntzan liburuak udaletxeko bulegora eraman behar dira, goizez. Eta Altsasun Iortia kultur gunean utzi daitezke. Guk bilduko ditugu eta, oraindik ez dugu zehaztuta, baina kartzelan sartuko ditugu.
Proiektuak segida izanen du?
Espero dugu liburu dezente jasotzea. Gero erabakiko dugu segitu edo ez.