Emakumeen Eguna 2021

Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko dute udalek

Guaixe 2021ko mar. 8a, 09:32

Udaletako ordezkariak Arruazun izan ziren emakumeen kontrako indarkeriaren aurka jarduteko koordinazio protokoloaren sinadura ekitaldian.

Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak Nafarroako tokiko beste 24 erakunderekin batera  Emakumeen Egunerako kanpaina bateratua egin dute. Sakanako udal guztiak parte hartzen duten kanpaina horrek ‘Mundu feminista, planeta jasangarri baterako’ leloa du. 

Ibarreko udalek kanpainarekin bat egitearekin batera, erakunde adierazpena onartu dute eta, ondorioz, lau konpromiso bere egin dituzte. Udalek konpromisoa hartu dute “bizitzaren jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzea, eta lehentasunezko lan-ildo gisa sartzea udaleko agenda politikoan eta tokiko garapena sustatzen duten ekintzen diseinuan”. Horrekin batera, Sakanako udalek konpromisoa hartu dute “ikusarazteko eta balioesteko bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten eta nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak”. Aldi berean, “herritarrak sentsibilizatzea banaketa justua eta bidezkoa lortzeko, familietan zaintza-lanen erantzunkidetasuna” sustatzeko konpromisoa hartu dute. Azkenik, “mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana” aitortu dituzte.

Adierazpena 
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako tokiko 26 erakundek onartu duten erakunde adierazpenak nabarmendu duenez, “osasun, gizarte eta ekonomia krisi honek agerian utzi du pertsona eta bizitza guztiak balioetsiko dituen eredu ekonomiko eta sozial baten alde lan egiteko beharra. Horixe da ekonomia feministaren zutabeetako bat. Abiapuntua, jasangarritasunarekin zerikusi gutxi duten gizarte- eta ingurumen-mailako ondorio ugari sortzen dituen eredu ekonomikoari alternatibak eskaintzeko. Garapen ekonomikoak garapen soziala eta ingurumen-oreka behar dituelako”.

Toki erakundeek aitortu dute pandemiak “are ageriago utzi du gizakion zaurgarritasuna”. Zaintza-lanen krisi honek dagokien balioa emateko beharra erakusten du, den-denok zaintzeko eta zainduak izateko beharra dugulako gure bizitzetan”. Horrekin batera, nabarmendu dutenez, “ingurunea zaintzea beharrezkoa da bizigarria eta osasungarria izan dadin, ekodependenteak eta interdependenteak baikara”.

Udal ordezkarien iritziz, “zaintza-lanek bizitzaren biziraupenerako duten garrantzia aitortzen badugu, zaintzeko betebeharra aitortuko dugu, eta horrekin batera, honek dakarren lana banatzeko beharra zaintza-lanak modu justuan eta erantzunkidean gara daitezen”. Azpimarratu dutenez, “zaintza-lanekin lotutako lanak eta enpleguak emakumeen esku egon dira historikoki, eta hala jarraitzen dute, ikusezin eta gutxietsiak”. Horrek emakumezkoei lanaldi bikoitza edo hirukoitza (etxetik kanpokoak eta etxekoak) ekartzen diela nabarmendu dute. Eta ondorioa da “pobreziaren feminizazioa”: emakumezkoek askoz gutxiago daukatelako ekonomikoki eta zaintza-lanak haien gain hartzeak ondorioak dituelako emakumeen bizi-proiektuetan (lan-prekarietatea, mendekotasun ekonomikoa, pentsio txikiagoak, inpaktu emozionala...)”.

Hori aldatzeko eta “ emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko” udal esparrutik politikak garatzearen alde agertu dira: “bateragarritasunerako neurri eta baliabideak, Toki Itunen programak eta planteamendu berriak txertatuz zaintza-lanak ikusarazteko eta erantzunkidetasuna sustatzeko”. Udal ordezkariek gaztigatu dutenez, “zaintzarik gabe ez dago bizitzarik, eta bizitzarik gabe ezin da garapenik egon. Zentzu horretan beharrezkoa da planteamendu horiei guztiei balioa ematea eta txertatzea garapen ekonomiko eta sozialari lotutako etorkizuneko politikak diseinatzeaz arduratzen diren agenda publikoetan”.