Emakumeen Egunerako deialdia egiterakoan Sakanako mugimendu feministako kideek adierazi dutenez, “COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen hainbat dimentsioetako krisiak azaleratu ditu. Lehertu dena, ez baita osasun-krisia soilik”. Gaineratu dutenez, aurtengo Emakumeen Eguna “sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz antolatu dugu”. Osasun prebentziorako neurriak betez, “dagokigun arduraz jokatuta, kaleak salaketarako espazio bilakatuko” dituztela ziurtatu dute.
Aurtengo Martxoaren 8rako mugimendu feministak DENA aldatu, sistema arrakalatu leloa aukeratu du. Feminista sakandarrek esan dutenez, “krisi hau ez zen pandemiarekin hasi. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko”. Aldaketa horretarako mugimendu feminista “gaurkotzen eta indartzen” doaz. “Gure arteko arrazakeria bistaratu eta landuz, herri eta auzoetan aliantza sareak ehunduz, borrokarako espazioak zabalduz, mundu mailako ekintzetan parte hartuz...”
Egoeraz
Sakanako mugimendu feministak egungo egoeraren honako argazkia egin du: “herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, polizia eta erakunde abusu arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan”.
Hori guztia aldatzeko eta “Euskal Herria feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzeko, sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan” segitzeko deialdia egin du mugimendu feministak; horrela, “bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko”.
Pankartak
Herrietako mobilizazioetako pankartak Altsasuko manifestaziora eramateko eskaera egin du mugimendu feministak.
Neska* gazteak
Manifestazioaren akaberan neska* gazteen blokea egonen da. Neska* gazteei han parte hartzera deitu dituzte.