Pilota

Martija berpiztu da, Ezkurdiaren kontura, eta Zabaletari sufritzea tokatu zaio

Guaixe 2021ko mar. 8a, 13:45
Martijak eta Jakak bigarren garaipena lortu dute.

Binakako ligaxkako 10. jardunaldiak aldaketak ekarri ditu

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 10. jardunaldian sorpresak izan dira. Ostiralean Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Erik Jaka eta Julen Martija izan zituzten aurkari Tafallan, eta nahiz eta lehenak faborito izan, Jakak eta Martijak partida irabaztea eta euren bigarren puntua eskuratzea lortu zuten. 

Material aukeraketan Joseba Ezkurdiak esana zuen Tafallako partidak “tranpa” zuela, hau da, berak  sailkapena ixten zuten Jaka eta Martija ez zituela horren gaizki ikusten, eta Arbizuko aurrelariak bete betean asmatu zuen. Tafallan Martijak hobera egin zuen nabarmen eta oso ongi jokatu zuen, Ladis Galarza erabat dominatuz. Ezkurdia ere ez zen oso fin ibili, prezipitatu samar aritu zen. Azkenean, 22 eta 12 irabazi zuten Jakak eta Martijak, merezitako garaipena, eta euren bigarren puntua lortu zuten. Ezkurdiak eta Ladis Galarzak lau punturekin jarraitzen dute. 

Atzo bi oilarren arteko partida hartu zuen Eibarko Astelenak. Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek Altuna eta Mariezkurrena bigarrenak izan zituzten aurkari. Tentsio handiko partida izan zen, katedrak aurreikusi moduan. Bi bikoek ongi jokatu zuten, baina Jokin Altunak eguna eta zortea alde izan zituen eta Elezkano dantzan jarri zuen. Eta, atzean, Jon Mariezkurrenak Zabaletarekin lehia estua izan zuen. Berriozarkoak ezkerreko pareta bilatu zuen, Zabaleta kaltetzeko, eta tarteka sufritzea tokatu zitzaion Etxarrengo atzelariari. Azkenean, lehia oso borrokatuan 19 eta 22 gailendu ziren Altuna eta Mariezkurrena. Egun, Binakako ligaxkako sailkapenean Elezkano II.a eta Zabaletak jarraitzen dute lider (8 puntu), baina Altuna eta Mariezkurrena bigarrenek puntu berberak dituzte. 

Gaur despedituko da ligaxkako 10. jardunaldia Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak Urrutikoetxearen eta Imazen kontra Muskizen jokatuko duten partidarekin (22:30, ETB1).