Deigarria egin zait Twitterren Marc Giró kazetari eta komiko katalanak dioena, Gabriel Rufian politikariarekin egindako elkarrizketa batean: "emakumeok azkar hitz egin behar dugu, ez baitakigu zein izanen den esan beharrekoa adierazteko izango dugun azken aukera". Girók bere burua heteropatriarkatuaz kanpo gelditzen den eremu zabal eta anitzean kokatzen du; hau da, berez, teorian, gizon zuria eta heterosexuala ez den guztia.
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu datorren astelehenean, martxoak 8. Ospakizunak eta salaketa ozenak eta lelo azkarrak errepikatuko dira epe motzean, heteropatriarkaturen aurka. Hala beharko. Sistema politiko zein sozial honek emakumeen eta jendartearen kopuru handi baten eskubideak larri urratzen jarraitzen du. COVID-19aren krisi berriak egoera kezkagarriak areagotu ditu, emakumeari egokitutako gainkarga biderkatuz. Sare sozialetara jo dut, martxoaren 8aren egunetik haratago, emakume gazteen hitza jasotzera. Adibidez, Twitterren @artikoan kontuari erreparatu diot. Besteak beste informazio zientifikoa euskaraz agertzen da. Egilea Bilboko Naima El Bani Altuna da, emakume gaztea, euskalduna (ama bizkaitarra eta aita marokoarra) eta zientifikoa, geologoa paleozenografoa, zehazki. Argia aldizkariak ere bere abentura itzelaz egin dio elkarrizketa. Bertan, bere lanbidearekiko pasio bizia adierazi eta luze zein lasai (hala ematen du behintzat) hitz egiten du. Zientzialaria eta emakumea den heinean, zehazten du, besteak beste, jakin badakiela aukeratu duen sail zientifikoan oraindik gizon zuriek eta heteronormatiboek agintzen dutela. Nork daki zer gertatuko den etorkizunean? Bitartean emakumeek, heteropatriarkatuaz kanpokoek esateko asko dute eta esandakoa entzuteko eskubidea ere. Sare Sozialak bor-bor.