Emakumea eta kartzela

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Andueza Razkin (Sakanako Sare) 2021ko mar. 8a, 13:50

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez, eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, Euskal Emakume Presoen egoeraren berri eman nahi dugu. Izan ere, emakume presoak izateagatik are bakartuago, are urrunduago aurkitzen dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez.
Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. "Ez-leku" batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugile izatea. "Emakume onak" birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak "ber-hezteko" erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak...  kartzelan.
Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik: Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako. Zigor pertsonala: "emakume txarraren" edota ama direnen kasuan "ama txarraren" epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.  Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena. Honetaz gain, Euskal emakume presoak, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. 
Euskal Emakume Presoak Euskal Herritik bataz beste 500km-tara daude eta jasaten duten urruntzeari, esan bezala, bakartze egoera ere gehitu beharra dago. Izan ere, Kolektiboko 31 presotik 15 guztiz bakarrik daude haien kartzelan, kiderik gabe. 
Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatean konponente sexistak gehitzen zaizkio.
Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea jendarte osoari dagokigu, eta horretarako eta etxeratze prozesua garatu ahal izateko, bidea egiten jarraitu behar dugu. Eremu sozialean, politikoan, sindikalean, instituzionalean, eta KALEAN!!
Izan bidea!! Emakume presoak etxera!!!