Areto futbola

3. mailako lehen fasea despeditu da: Aralar Mendi hirugarren sailkatu da eta Xota laugarren

Guaixe 2021ko mar. 9a, 12:30

3. mailako 7B azpimultzoa: Ibararte 4 – Aralar Mendi 4 / 3. mailako 7A azpimultzoa: Universidad de Navarra 4 – Xota 2

Asteburuan 3. mailako areto futboleko 7B azpimultzoko ligako lehen faseko azken jardunaldia jokatu zen, 14. jardunaldia. 7B azpimultzoan Aralar Mendik Ibararteren kontra jokatu zuen Zubirin.  Uharte Arakilgoak ongi hasi ziren eta 0 eta 2 aurreratu ziren Jon Arenazari eta Jose Mari Gorritiri esker, baina Ibarartek ez zuen etsi eta lehen gola sartzea lortu zuten Zubirikoek. Eneko Cruzek Aralar Mendiren hirugarrena sartu zuen, baina Zubirikoen erantzuna bikaina izan zen eta hiruna berdindu zuten. Eneko Cruzek Aralar Mendikoen laugarrena sartu zuen, baina partida Ibarartek launa berdindu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. San Juan taldea izan da 3. mailako areto futboleko ligako lehen faseko 7B azpimultzoko liderra (30 puntu), Anaitasunaren (27 puntu) eta Aralar Mendiren aurretik. 

Bestalde, 3. mailako areto futboleko 7A azpimultzoan lehen faseko azken jardunaldia jokatu zen, 10. jardunaldia. Universidad de Navarra izan zuen aurkari Xotak eta irurtzundarrak punturik gabe itzuli ziren Iruñetik, 4 eta 2 galdu ondoren. Iraitz Bea eta Xabier Erbiti izan ziren Xotako golegileak. Ribera de Navarra izan da lehen faseko liderra (22 puntu) eta Xota laugarren sailkatu da (13 puntu). 

3. mailako 2. fasea hasiko da asteburuan
Asteburu honetan 3. mailako areto futboleko 2. fasea abiatuko da. Lehen fasean lortutako sailkapenaren arabera sortu dira azpimultzoak. Horrela, Aralar Mendi taldea 7C azpimultzoan lehiatuko da Ribera de Navarra, Anaitasuna, Ablitas eta San Juan taldeekin. Guztira 10 jardunaldi jokatuko dira, eta asteburuko 1. jardunaldian San Juanen kontra jokatuko du Aralar Mendik. 

Xotak 7E azpimultzoan jokatuko du Itaroa Huarte, Garbayo Chivite Cintruenigo eta Kirol Sport taldeekin batera. 6 jardunaldi jokatuko dituzte guztira eta martxoaren 20ko asteburuan hasiko dira lanean. 1. jardunaldian Xotak Itaroa Huarte hartuko du Atakondoan.