Egungo epidemia eta osasun egoera ikusita, pandemiari aurre egiteko indarrean dauden neurriak martxoaren 25era arte (osteguna) luzatu ditu Nafarroako Gobernuak. Hau da, edukiera-murrizketak, perimetro itxitura eta etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara. Gainera, indarrean jarraitzen du eremu publikoan eta pribatuan 6 pertsonak baino gehiagok bilerak egiteko debekuak, eta azken horretan bi bizikidetza-unitate baino ez dira izanen. Foru administraziotik gaztigatu dutenez, “azken astean, aurrekoetan gertatzen ari zen beheranzko joera aldatu egin da, eta, gainera, Erresuma Batuko anduiaren presentzia gero eta handiagoa da”.
Prebentzioa datozen asteei begira
Osasunbideko gerentziaren txostenak dioenez, “ospitaleetan ohiko ospitaleratzean eta ZIUetan dauden pertsonak gutxitu badira ere, eta baita COVID-19ren ondoriozko ospitale-hilkortasuna ere, Nafarroan otsailaren 26an neurriak malgutzea eta Erresuma Batuko aldaera zabaltzea bat dator infektatutako pertsonen kopuruak gora egitearekin, larrialdietan arreta behar baitute eta ospitaleetan sartu behar baitira. “Joera horri eutsiz gero, datozen asteetan ospitaleetan, ZIUetan eta heriotzetan ospitaleratutako pertsonen kopuruan eragina izango du”, adierazi dute.
Hori guztia Aste Santuko jaiegun hurbiletan gertatzen da, mugikortasun eta sozializazio joera handiagoarekin eta, beraz, infekzioa barreiatzeko arrisku handiagoarekin. “Horregatik, aurreko hilabeteetako ikaskuntzan oinarrituta, beharrezkoa da arriskua kontrolatuko duten prebentzio komunitarioko neurriak mantentzea eta hartutako neurrien eragina monitorizatzen jarraitzea, ahal den neurrian laugarren olatu bat saihesteko eta neurri zorrotzagoak hartzeko prest egoteko, bai eta laguntza-baliabideak suspertzeko ere, beharrezkoa izanez gero”.