Ibarreko bioaniztasuna lantzen segitzen dute

Guaixe 2021ko mar. 17a, 14:28

Mahatsondo zahar baten laginak hartzen. Argazkiak: Arakilgo Udala.

Arakilen nekazaritzan erabilitako 70 landare barietate aurkitu zituzten joan den urtean. Haiek erabilera zabaltzeko haziak banatuko dituzte, barietateen zaintza-sarea sendotu eta, bide batez, hazien-banku bat sortzeko. Prestakuntza saioak prestatu dituzte larunbaterako eta asteazkenerako.

Arakilgo Udalak sustatu zuen joan den urtean Bertako barietateak, bioaniztasun haziak proiektua, Arrea elkarteak garatu duena Sakanako Garapen Agentziaren laguntzaz. Egitasmo horren bidez lortu nahi dute nekazaritza bioaniztasuna, nekazaritza ekosistemak eta landa garapen endogenorako beharrezko ezagutzak kontserbatzea, berreskuratzea eta balioa aitortzea. Izan ere, egitasmoaren bultzatzaileen iritziz, “nekazaritza barietate tradizionalak dira nekazaritza iraunkor eta ekologikorako ezinbesteko baliabide dibertsifikatuak, kalitatezko elikagaiak tokian ekoitzi eta kontsumitzeko eta hauek kanal laburren bitartez merkaturatzeko balio gehigarria baitute”.

Nekazaritzaren erabilerari eta bertako barietateei buruzko informazioa jasotzeko asmoz, joan den urtean hainbat herritako 53 arakildarri 72 elkarrizketa egin zizkieten. Aurkitutako barietate tradizionalen kopuruarekin “harrituta” gelditu dira sustatzaileak, “bereziki fruta arbolak eta, zehazkiago, udareak. Hala ere, horietako asko desagertzeko arriskuan daude”. Jakinarazi dutenez, 13 espezietako bertako 70 barietate identifikatu dituzte: udareak, aranak, sagarrondoak, pikondoak, hurritzak, intxaurrondoak, mahatsondoak, gaztainondoak, mizpirak, irasagarrak, pomoak, babarrunak eta porrua. Besteak beste: San Joan udarea, Campana udarea, Pelotxas aranak, muturluze sagarra, piku zuria, Ostabeltza gaztaina edo “Ojo de Perdiz” babarruna. Jasotako barietate guztien fitxa bana sortu da. Proiektuaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, aurten dibulgazio gida argitaratu nahi dute.


Babarrunei buruzko informazioa ematen.

Balioa aitortzea 
Jasotako bioaniztasun ondare horri segida emateko Arakilgo 30 baratzezainekin Biodibertsitatea Zaindu eta Ugaltzeko Tokiko Sarea sortu zuten. Germoplasma banku publikoetan gordetzen ziren Sakanako hainbat barietate haien artean banatu zituzten joan den urtean eta biderkatu egin zituzten beraien baratzeetan. Batetik, lau barazki barietate, horien artean Baliabide Fitogenetikoen Zentroko babarrunak edo perrexila, eta, bestetik, Arakilgo garai bateko zazpi sagarrondo barietate. Hori egin ahal izateko Germoplasma Banku publikoekin hitzarmenak sinatu dituzte. Horrekin batera, prestakuntza eta sentsibilizazio lanak egin zituzten. Lehenengoari dagokionez, Egiarretan txertoak egiteko tailerra egin zen eta Lakuntzan haziak ugaltzeko beste bat. 

Aurten proiektuaren bigarren fasean sartuko dira eta aurkitutako tokiko barietateak ugaldu eta banatuko dituzte. Horrela haien erabilera ibarrean zabaldu nahi dute. Eta, bide batez, sortu den zaintza sarera jende gehiago biltzea. Bestetik, aurten hazien-banku bat sortuko dute. Prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak  bazterrean utzi gabe. Aurreikusiak dituzte gaztainondoen zaintzari buruzko ikastaro bat, fruta zaintza ekologikoari buruzko tailerra edo babarrun-hazkuntzako ikastaro bat, besteak beste. 


Bentolaza gaztainondoa ezkerrean, ostanbeltza eskuinean.

Hasteko, larunbatean, fruta arbolen neguko zaintzei buruzko ikastaro eman zuen Carlos Gil frutikultoreak. Lurraren garrantzia eta maneiua, inausketa eta txertatzea, izurrite eta gaixotasunak nola kontrolatu, eta bestelakoez ari zen Izurdiagan larunbatean. Gainera, ibarreko lau sagar barietateekin hainbat arbolatxo txertatu zituztebn eta Zaintza Sarean parte hartu nahi zutenen artean banatu ziren. Gaur, berriz, sagarrondoen ber txertaketaz ariko da Jose Migel Astiz Hiriberrin. 

Erlazionatuak