Bertako euskara eta produktuak ikusgarri egiteko bideoak

Guaixe 2021ko mar. 17a, 14:01
Sakana Sutondotik kanpainako irudia.

Sakanako hizkerak zabaltzeko eta ibarreko ekoizpen jasangarria eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko asmoz sortu dituzte bideoak, sare sozialen bidez ostegunero zabalduko dituztenak.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) elkarlanean Sakana Sutondotik kanpaina prestatu dute. Ibarreko euskarazko hizkerak eta Sakanako ekoizleek landutako produktuak ezagutarazi nahi dituzte. Helburu horrekin bederatzi bideo zabalduko dituzte astero; lehenengoa aurreko ostegunean zabaldu zuten. Euskara Zerbitzutik eta agentziatik sakandarrei gonbidapena egin diete: bideoak zabaltzeko, errezetak egitera animatzeko, prestatutakoaren argazkiak partekatzera, sare sozialetan jarriko diren galderei erantzunez… 

Sustatzaileek kanpaina gastronomia elkarteekin lotu nahi zuten. Izan ere, elkarteetan “kanpainaren bi helburuak lantzeko espazioa dituzte: sukaldea, bertako produktuak lantzeko, eta, mahaia, lagunartean, modu informalean, gure hizkuntzan aritzeko”. Jakinarazi zutenez, “hasierako asmoa sukaldaritza tailerrak eta euskalkien mintza-saioak antolatzea zen. Baina osasun larrialdi egoeran egonik, sukaldaritza errezetak eta lagunarteko konbertsazioak bideoz grabatu eta zabaltzea erabaki zen”. Bideoak Etxarri Aranazko Larrañeta elkartean grabatu ziren 2020ko irailean. 

Protagonistak 
Egitasmoaren bidez, alde batetik, Tximonena jatetxeko Arantxa Mendoza sukaldariak lau errezeta prestatuko ditu eta aldamenean beti produktuaren ekoizlea izanen du: axurkia txilindroi eran (Aitor artzaina lagun duela), mamia eztiarekin (Juanane artzainarekin), garaiko barazki lasagna (Bego eta Joxan ekoizleekin) eta behi txurraskoa tenperatura baxuan (ekoizlearekin batera). Bestetik, Zato, Felipe Karrera eta Altxaga gizonezko etxarriarrak bi bideotan agertuko dira, hiketan hitz eginen dute gosariez, gazta motez eta garai bateko bizimoduez. 

Fernanda Jaka, Angelines Garziandia, Isabel Nazabal eta Miren Reparaz bi bideotan Etxarriko eta Lizarragabengoako hizkeran entzuteko aukera izanen da. Haiek ere gosariak, gaztak eta joandako garaiak ekarriko dituzte gogora. Azkenik, Aitziber eta Aitor Irigoien anai-arreba urdindarrak eta herriko Lopez de Goikoetxea dendako langileak bideoan ikusteko aukera izanen da. Urdiaingo euskaran txistorra kroketak nola prestatu azalduko dute. 

Aurrekariak
Sakana Sutondotik kanpaina Euskara Zerbitzuaren Elkartean euskaraz goxo-goxo eta SGAren  Dastatu Sakana egitasmoa uztartzetik sortu da. Aurrenekoaren bidez gastronomia elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko eta bertako bazkideen arteko euskararen erabileran eragin nahi da. Horretarako, elkarteetako hizkuntza paisaia euskaraz ere jartzeko sentsibilizazioa landu da eta Euskara Zerbitzuaren doako itzulpen zerbitzua eta errotulua euskaraz jartzeko laguntza eskaintzen ditu.  

Bigarrenean, SGAk eta ibarreko ekoizleek bat egiten dute, Sakanan ekoizpen jasangarria eta bertako kontsumoa bultzatzeko. Haien helburua erantzukizun partekatuko nekazaritza eta kontsumo eredua lortzea da. Elikadura osasuntsu, jasangarri eta bidezkoari esker, herri eta ingurune biziak lortu nahi dituzte. Sakanako nekazari eta abeltzainen produktuak egitasmo honekin bat egin duten Sakanako denda eta jatetxeetan aurkituko dituzu, marka irudi honekin identifikaturik; lurretik mahaira, zuzenean.

Aurreneko bideoan arkumea txilindroi eran prestatu dute.