Orain arte txertoa zehaztutako kolektibo batzuetako kideek jaso izan dute, esaterako: adinduen egoitzan edo klinikan bizi direnak, haietan lan egiten dutenak, mendekotasun handia duten eta etxean bizi diren pertsonak, osasun arloko langileak… Ildo horri jarraituz, Osasunbidea ezinbesteko lanak egiten dituzten pertsonak txertatzen ari da orain.
Osasunbidetik azaldu dutenez, Altsasuko oinarrizko osasun eskualdeko 80 urte edo gehiago dituztenei eskaini diete txertoaren lehen dosia jartzea. Onartu dutenei hitzordua eman diete. Burunda frontoian izanen da txertaketa. “47 hitzordu hutsik gelditu direnez, Altsasutik gertuen dauden Etxarri Aranazko osasun eskualdeko herrietako adindu batzuei txertatzeko aukera eskaini diegu”, gaineratu dute Osasunbidetik. Aldi berean, jakinarazi dute ez dakitela noiz txertatuko dituzten Irurtzungo eta Etxarri Aranazko osasun eskualdeetako adinduak, “aurki izatea espero dugu”.
Adinduen %9,26 txertatuta
Osasunbidetik jakinarazi dutenez, 80 urtetik gorako 1.749 pertsona daude hiru osasun eskualdeetan. Gaur egun arte 162k hartu dute txertoa (mendekotasun handia dutenak eta egoitzetan edo erlijio kongregazioetan bizi direnak). Irurtzungo osasun eskualdeko 550 adinduetatik 72 daude txertatuta, %13,09. Etxarrikoan, berriz, 517 dira eta 34 daude txertatuta, %6,58. Azkenik, Altsasuko osasun eskualdean 682 adinduetatik 56 daude txertatuta, %8,21. “Gaur eginen dugun txertaketarekin %90era iristea aurreikusten dugu”.