Osasun zerbitzu duinen aldeko sinadurak bilduko dituzte

Guaixe 2021ko mar. 15a, 10:57
Lehen mailako arretaren aldeko asteazkenetako kontzentrazioekin bat egiten dute osasun etxeko langileek.

Altsasuko oinarrizko osasun eskualdean falta diren medikuak ordezkatzeko eta herritarrei behar bezalako arreta eskaintzeko eskatuko dute sinatzaileek. Sinadura bilketa gaur, 12:00etan, hasiko da, pentsio duinen aldeko kontzentrazioan. Asteazkeneko azoketan sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituzte.

Aspaldikoa da Altsasuko oinarrizko osasun eskualdearen osasun arretarekiko kezka Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. Larriagotu egin zen kezka hiru mediku falta zirela jakin zenean. Gaur egun sei mediku egon beharrean lau daude, Olatzagutikoa eta Altsasuko bat falta dela gaztigatu dute osasun etxetik. Baina ikusirik gabezia ziklikoak direla, horiei konponbidea emateko sinadura bilketa egitea erabaki dute Nafarroako Osasun Plataformaren kontzentrazioetan parte hartzen duten pertsonek. 

Osasunbideari eta osasun etxeari zuzendutako sinadura bilketa horretan hiru herrietako biztanleek haiekiko “errespetua” eskatuko dute, batez ere, “lan merkatua utzi duten jubilatu, pentsiodun eta adinekoendako”. Sinatzaileak kexatuko dira Altsasuko osasun etxean “aspalditik egiturazko gabeziak daudelako, COVID-19ak eragindako pandemiarekin larriagotu egin dena”. 

Eskaerak 
Sinadura ematen duten burundarrek eskatuko dute “osasun etxean edo kontsultategian arreta egokia jasotzea, bai administrazioan, harreran edo medikuengatik”. Aldi berean, aldez aurreko kontsulten alde agertuko da sinatzailea, “nahiz eta kontsulta telefono bidez hartua izateko aukera izan”. Langile kopurua handitzea eta bajan dauden langileen lanpostuak 24 orduren bueltan ordezkatuak izatea. Horrekin batera, medikuek kartilla kopuru txikiagoa izatea eskatu dute, horrela, gaixo bakoitzarekin gutxienez 10 minutu egoteko aukera izan dezaten. Azkenik, aspaldi bildu ez den Osasun Kontseilua berriro martxan jartzea exijituko dute. 

Sinadura bilketa gaur hasiko dute Zumalakarregi plazan, pentsio duinen alde 12:00etan eginen den kontzentrazioan. Asteazkeneroko azokan eta martxoko asteazkenetan osasun etxe parean eginen diren kontzentrazioetan ere jasoko dituzte sinadurak. Ahalik eta sinadura gehien biltzeko altsasuar, olaztiar eta ziordiarren laguntza eskatu diete, sinadura paperak ahalik eta tokirik gehienetara irits daitezen.