1. Martxoaren 8ko ekitaldien barruan bere tokia egin du Lilasterketak. Aurtengoa 8. edizioa da, eta formatu berria du, oinezko martxa izango delako.
Bai, Lilasterka oinezko martxa izanen da eta herriz herri ibiliko gara. Aurretik, Altsasuko Udalak 6 ediziotan antolatu zuen Lilasterketa. Altsasun egiten zen lasterketa ez lehiakorra zen, korrika, bizikletan, patinetan edo oinez egiten zena. Joan den urtean, Mank-eko Berdintasun Zerbitzua sortzearekin batera, 7. Lilasterketari Sakanako ikuspegia emango geniola erabaki genuen, urtero toki ezberdin batean ospatuko genuela. Baina pandemiagatik ez zen gauzatu.
2. Iaz asteburu honetan zen egitekoa Lilasterketa, baina konfinamendua hasi zen.
Martxoaren 15ean zen ospatzekoa Altsasun, eta hain justu egun horretan etxeratzea hasi zen.
3. Lilasterketa Ziordian hasi eta Sakana osoa zeharkatuz Irurtzunen despedituko den oinezko martxa izateko pausoa eman duzue. Zein da helburua?
Ekimenari Sakanako ikuspuntua ematea, baina batez ere herrietako emakumeak animatzea. Emakume bakoitza bere herritik abiatu eta hurrengo herriko zatitxo hori oinez egitea erakargarria izango litzatekeela iruditzen zitzaigun. Eta bide batez, herriz herrikako emakumeen ahizpatasun hori irudikatu nahi genuen. AEKko Korrikan lekukoa pasatzerakoan sortzen den zirrara hori berezia da, eta hortik etorri zen herriz herri egitearen proposamena. Ideia Berdintasun Batzordean eta herrietan zabaldu genuenean emakumeek oso ongi hartu zuten.
4. Lilasterketa martxoaren 21ean abiatuko da Ziorditik, 9:30ean.
Bai. Kartelean Lilasterketa herri bakoitzean zein ordutan pasako den jasoa dago. Arruazun geldialdia egingo da, 14:00etatik 15:30era. Lilasterketa Irañetaraino oinez joango da, baina Irañetatik Etxarrenera bizikletaz zeharkatuko du Arakil, oinez egiteko nahiko luze geratzen zelako. Gainera, Arakilgo emakumeen taldean herriak bizikletaz lotzeko ideia zuten buruan eta, hortaz, bi ideiak uztartu ditugu. Azken bi etapak, Etxarrendik Irurtzunera, oinez izango dira.
5. Norberak nahi duen zatia egin dezake, edo emakume bakoitzak bere herritik hurrengo herrira arteko zatia egin behar du?
Bete behar diren segurtasun neurriak direla eta, printzipioz emakume bakoitzak bere herriko etapa egingo du: bere herritik hasi eta hurrengo herriraino. Hurrengo herrira iritsi eta tokia egonen balitz, jarraitu lezake. Hamabosnaka joan beharra dago.
6. “Lilasterketan, Sakanako Emakumeak Martxan!” da leloa.
Bai, lelo hori duen pankarta eramango dugu, Sakanan hitz egiten diren hainbat hizkuntzatan, sakandarren jatorri aniztasun horri erreferentzia egiteko.
7. Osasun neurriak direla eta Lilasterketan aritzeko aurretik izena eman beharra dago, ezta?
Bai, dagoeneko 108 emakumek izena eman dute. Bitxia da; herri gehienetatik izena eman dute eta oso-oso pozik gaude. Herri txikiak, ertainak, handiak... guztietan animatu dira emakumeak. Izena ematea bi berdintasun zerbitzuetan egin daiteke, martxoaren 19a baino lehen: Altsasuko Berdintasun Zerbitzuan (berdintasuna@altsasu.net edo 628 328 593) eta Mank-eko Berdintasun Zerbitzuan (berdintasuna@sakana-mank.eus edo 660 384 328). Izena, herria eta kontaktua eman beharko dute.
8. Momentuz 100 emakume baino gehiago daude, eta espero dezagun kopuru horrek gora egitea.
Gure aurreikuspenak gainditu dira. Peto more gehiago eskatu behar izan ditugu. Pozgarriena da herri guztietatik animatu direla, eta denetariko adinekoak: jaioberriak, aulkitxoan joango direnak, gazte asko, adinekoak...
9. Lilasterketan lekukoa egonen da?
Ez da lekuko fisikorik egongo, sinbolikoa baizik. Herriz herrikako emakumeen arteko saretze edo ahizpatasun hori irudikatu nahi dugu. Txanda aldaketarako minutu batzuk gorde dira, emakumeek beste herrietakoei agur esateko, irudiak hartzeko…
10. Lekukoa ez, baina bukaeran Irurtzunen mezua irakurri eta zabalduko duzue.
Bai, azken ekitaldia Irurtzunen izango da, 17:30ak aldera. Argi geratuko da Sakanako emakumeak martxan gaudela.
11. Lilasterketan izena ematera animatuko ditugu emakume sakandarrak. Igandeko paseoa izan daiteke, baina giro beroagoan...
Bai, anima daitezela! Herri bakoitzean arduradun bat egonen da guztia bideratu eta petoak banatzeko.