Pilota

Martijak eta Jakak 4 final dituzte aurretik

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 12a, 12:00

Martijak eta Jakak Binakako finalerdietan egoteari ez diote uko egin eta horretarako datozen lau partidak irabazi beharreko lau final handi bezala planteatu dituzte. Ezkurdia-Ladis Galarzak eta Elezkano-Zabaletak azken jardunaldia ahaztu eta garaipenaren xendan jarri nahi dute berriro

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 11. jardunaldiaren atarian gaude eta nahiz eta Binakakoa txapelketa luzea izan, ez da emoziorik falta eta asteburu guztiek denetarik ematen dute. 

Tafallako partidak “tranpa” zuela esan zuen aurreko astean Joseba Ezkurdiak. Binakako hasierako ligaxkako sailkapena ixten zuten Erik Jaka eta Julen Martija ez zituela horren gaizki ikusten. Eta bete betean asmatu zuen Arbizuko aurrelariak. Tafallan, Martijak hobera egin zuen nabarmen eta oso ongi jokatu zuen, Ladis Galarza erabat dominatuz. Ezkurdia prezipitatu samar aritu zen, jokoa azkar bukatzeko presekin, eta horrek kalte egin zion. Eta 22 eta 12 irabazita, Jakak eta Martijak euren bigarren puntua lortu zuten, Binakako finalerdietako postuetan sailkatu ahal izateko aukera eta airea eman diena. 

Martija: “Astelehenekoa Binakako partidarik garrantzitsuena izango da”
Astelehenean, Binakako hasierako ligaxkako 11. jardunaldia ixten duen partidan Jakak eta Martijak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari Etxebarrin (22:30, ETB). Binakako finalerdietarako sailkatzeko borroka horretan, irabaztea, ez dute besterik. Jakak eta Martijak geratzen diren lau jardunaldiak 4 final handi bezala planteatu dituzte, jarraian irabazi beharreko lau final, finalerdietan egon nahi badute. Tafallan ongi ikusi zuten bere burua, sentsazioak onak dira euren “nortasunari eusten jarraitu” nahi dutela nabarmendu zuten asteazkeneko material aukeraketan. “Binakako finalerdietara sailkatzeko play-off postuan sartzea gure eskutan dago” nabarmendu zuen Erik Jakak. Eta biek argi dute “irabazi beharra” dutela. “Asteleheneko partida hil ala bizikoa da. Aukerak izaten jarraitu nahi badugu, irabazi beharrean gaude. Akaso astelehenekoa izango da Binakako gure partidarik garrantzitsuena” aitortu zuen Martijak. Bi bikoak finalerdietarako sailkatzeko arerio zuzenak dira –Urrutikoetxeak eta Imazek lau puntu dituzte eta Jakak eta Martijak 2– eta jokoan dagoen  puntua lortzeko gogor borrokatuko dute. 

Ezkurdia sentsazioak berreskuratzera
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Tafallan galdutako sentsazioak berreskuratu nahi dituzte. Lau puntu dituzte eta bosgarrena lortu nahi dute larunbatean Labriten 6 puntu dituzten Peña II.aren eta Albisuren kontra. Partida zaila dute aurretik, Peña II.a eta Albisu bikain daudelako eta euren 7. puntua lortu nahi dutelako, zortzina puntu dituzten Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena bikoteetatik gertu egoteko. Albisu txapelketa oso ona egiten ari da, atzelari sendoa da eta Ladis Galarzak lan handia du aurretik. Baita Ezkurdiak ere. Ea Labriten jokatzeak Ezkurdiari eta Galarzari mesede egiten dien. 

Zabaletak bide onetik jarraitu nahi du
Igandean bi oilarren arteko partida jokatu zen pilotaren katedralean eta Elezkano II.a eta Zabaletak amore Altunaren eta Mariezkurrenaren aurrean amore eman behar izan zuten (19 eta 22). Tentsio handiko partida oso gogorra izan zen eta bi bikoek ongi jokatu zuten, baina Jokin Altunaren eguna izan zen; dena atera zitzaion ongi. Atzean, Jon Mariezkurrenak lehia estua izan zuen Zabaletarekin eta biak  nor baino nor lehiatu ziren. Tarteka sufritzea tokatu zitzaion Etxarrengo atzelariari. Sailkapenean lider jarraitzen dute Elezkanok eta Zabaletak (8 puntu), baina Altuna eta Mariezkurrena bigarrenak dira, puntu berberekin. 

Gaur, ostirala, Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek Artola eta Aranguren izanen dituzte aurkari Mungian (22:00, ETB1). Garaipenaren bidera itzuli nahi dute Elezkanok eta Zabaletak, lidergoari eusteko. Baina Artolak eta Arangurenek euren 4. puntua litzatekeena lortu nahiko dute Binakako finalerdietan egoteko aukerak izateko eta partida estua aurreikusten da, Artola jokoz oso ongi itzuli delako txapelketara eta Aranguren ere bolada onean dagoelako. Liderrak dira faboritoak, baina ikusteko dago Mungiak zer dakarren. 

Azkenik, Donostiako Atano III.ak Olaizola II.-Rezustaren eta Altuna-Mariezkurrenaren arteko partida hartuko du igandean (17:15, ETB1).