Herri kirolak

Pena handiz, baina aurten herri kirolik gabe

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 18a, 13:00

Otsailaren bukaeran hasi ziren 34. Nafarroako Kirol Jokoak. Txapelketa horretan urte luzez aritu izan dira Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeak, baina aurten ezinezkoa zaie aritzea, pandemiagatik ikastetxeei eskatutako protokoloak direla eta

Otsailaren 28an 34. Nafarroako Kirol Jokoak hasi ziren. Soilik 5 klubetatik sortutako taldeak ari dira parte hartzen: Antsoain, Araxes, Berriozar, Txantrea eta Igantzi. Sakanako taldeak, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletakoak, ezin dira aritu.

“Pena handia dugu. Lana izaten da Nafarroako Herri Kirol Jokoak prestatzea, baina gustu handiz egiten duguna. Ikasleak nola gozatzen duten, beraien artean nola harremantzen diren, eta zenbat gauza lantzen ditugun ikusita, aurten aukera hori ez izateak pena handia ematen digu” azaldu du Andra Mari ikastolako Mikel Senar irakasleak. Iritzi berekoa da Iñigo Aritza ikastolako irakasle Jon Lagos. “Sekulako pena ematen digu, urte pila daramatzagulako Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzen. Oso gustura egiten dugun jarduera da, toki ezberdinak ezagutzea eta ongi pasatzea ahalbideratzen diguna. Ikasleek beste herriko kirolariekin harremana egiten dute, eta oso jarduera polita da. Pena da” dio.

Andra Marik 20 urte inguru izanen ditu Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzen, eta Iñigo Aritzak ere urte kopuru luzea.

Oztopoak: burbuilak eta eskolaz kanpoko jardueren debekua
Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzeko erabakia urria aldera hartu behar zen. Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastetxeak dira, eta Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte ez hartzearen arrazoi nagusia Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei eskatutako protokoloak dira. “Batetik, ikastoletako gelen artean burbuilak sortu behar ditugu. Hau da, gela ezberdinetako ikasleak ezin dira kontaktuan egon, ez atsedenean ez bestelako jardueratan. Eta, bestalde, Hezkuntza Departamentutik esan zitzaigun hezkuntzaz kanpoko jarduera guztiak bertan behera utzi behar genituela. Herri kirol entrenamenduak eskolaz kanpoko ordutegian egiten ditugu, eta, horretaz gain, gela ezberdinetako neska-mutilak nahasten dira herri kirol taldeetan. Beraz, aurten ezinezkoa da” azaldu du Mikel Senarrek.

Jon Lagos: "Ikastetxeetan eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera uztea eskatu zitzaigun, eta, beraz, hortik hasita ez genuen Nafarroako Kirol Jokoetan aritzeko aukera askorik”

Arrazoi berbera aipatu du Jon Lagosek. “Protokoloa ikusita, zailtasun nagusia burbuilena zen. Herri kirolak eginez gero burbuila horiek hautsiko lirateke. Ikasturte hasieran egoera aztertzen aritu ginen, eta ezinezkoa zela ikusi genuen” berretsi du Lagosek.

Aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jolasetan parte hartzen ari diren taldeak kirol klubak dira. “Eurek klub moduan hartzen dute parte eta gu ikastetxeak gara. Eta pandemiaren aurrean eskatzen digutena ez da gauza bera. Ikastetxeetan eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera uztea eskatu zitzaigun, eta, beraz, hortik hasita ez genuen aukera askorik” nabarmendu du Lagosek.

Sakanan ez da jaialdirik egonen
Iñigo Aritza eta Andra Mari Nafarroako Kirol Jokoetan ez direla ariko ez dute soilik eurek nabarituko; gure herrietan ere eragina izango du, urtero txapelketako jardunaldiren bat Sakanan jokatzen zelako. 2019ko Nafarroako Kirol Jokoen final handia, esaterako, Altsasun jokatu zen eta sekulako giroa egon zen.

“Azkenaldian bi jardunaldi antolatzen ziren Sakanan, bata Altsasun eta bestea Etxarri Aranatzen. Gure kirolak dira, gure herriko kirolak, eta jendeak beti oso ondo erantzun izan du. Bai ikasleek, parte hartuz, eta baita ikusleek ere. Aurten bi urte beteko dira gure kaleetan txapelketa hau bizitzeko aukerarik ez dugula, eta pena da” aipatu du Mikel Senarrek.

Mikel Senar: "Pena handia dugu. Nafarroako Herri Kirol Jokoetan ikasleak nola gozatzen duten, beraien artean nola harremantzen diren… Zenbat gauza lantzen ditugun ikusita aurten aukera hori ez izateak pena handia ematen digu"

Talde sakandarrek utzitako hutsune handia
Aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jokoak nahikoa deskafeinatuak izango dira, parte hartze eskasarekin. “Pentsa herri kirolarien kopuruaren erdia edo erdia baino gehiago guk mugitzen genuela, Iñigo Aritzak eta Andra Marik. Eta hori izugarri nabaritu da aurten. Iaz, esaterako, Andra Marin 16 talde geneuzkan. Bi autobus joaten ginen. Erronda pila bat egiten ziren, eta aurten berehala lanak bukatuta daude. Baina hau da dagoena. Aurten, jardunaldi guztiak Antsoainen jokatuko dituzte, publikorik gabe, baina lotura bat jarri dute eskuragarri eta Youtuben, zuzenean, herri kirolak jarraitzeko aukera eman dute” azaldu du Senarrek.

2022ra begira
Datorren urtera begira jarri dira Andra Marin eta Iñigo Aritzan. “Egoerak ahalbidetu bezain pronto herri kiroletan murgilduko gara berriz. Gogoa dugu egoera honi buelta emateko. Ez da urte erraza izaten ari; programazioa moldatzea tokatu zaigu, zenbait gauza ezin dira egin edo modu berezian egin behar dira… baina hortxe gabiltza” nabarmendu du Lagosek. “Ez dugu itxaropena galduko. Ikastolan gorputz heziketako saioetan herri kirolak lantzen ari gara, baina klase bakoitzean, burbuilan. Hurrengo urterako indarrak gordeko ditugu eta herri kiroletara indartsu bueltatuko gara berriz ere” espero du Senarrek.

Andra Mariko gorputz heziketa irakasleak geldialdi honek ondorioak ez izatea espero du. “Txikienek LH5. Mailara heldu nahi izaten dute herri kiroletan parte hartu ahal izateko. Horren zain egoten dira, eta sekulako ilusioa izaten dute. A ze disgustua hartu zuten aurten aritu ezin zirelako. DBHn gehiago kosta egiten zaigu ikasleak entxufatzea, baina espero dut parte hartzean ondoriorik ez izatea” azaldu du Senarrek. “Bi urte luze dira; ea datorren urtean plazetan gozatzeko aukera dugun. Hor egongo gara, lanean eta prest” berretsi du.