Txirrindularitza

59 txirrindulari Burundan, kopururik altuena aspaldiko partez

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 16a, 12:30

Burunda Txirrindularitza Taldeak 2021eko aurkezpena egin zuen Iortian. Aurten 17 txirrindulari berri ditu klubak, horietatik 10 emakume, eta “oso pozik” daude. "Harro egoteko modukoa" dela nabarmendu du Oscar Guerrero presidenteak

Igandean 2021 denboraldiko aurkezpena egin zuen Burunda Txirrindularitza Taldeak Iortia Kultur Gunean. Juan Mari Guajardok gidatu zuen ekitaldia. “Aurten 44. denboraldiari ekingo dio Burunda Taldeak, eta hori ez da edonolakoa” nabarmendu zuen speaker altsasuarrak.  “Burundak 44 denboraldi, azkar esaten da. Aurrekoek egindako lan onaren oinordekotza jaso eta egungo juntakoek bost urte inguru daramatzagu lanean. Gogotsu gaude, baina nabarmentzekoa da kluba guztiok garela: junta, txirrindulariak eta familiak. 12 familia berri ditugu aurten eta oso pozik gaude. Euren lana ezinbestekoa da kluba aurrera ateratzeko, neska-mutilek entrenatzeko eta lasterketak antolatzeko. Argi diot: gurasoen inplikaziorik gabe ezingo genuke ezer egin” nabarmendu zuen Gorka Mintegi idazkariak. Klubaren helburua betikoa da: neska-mutikoak txirrindularitzan trebatzea eta ongi pasa dezatela. Hori baita garrantzitsuena. 

Mintegik babesleen laguntza eskertu zuen. “Urte asko daramatzate gurekin. Azken urte hau eurendako ere oso gogorra izango zen, baina gu babesten jarraitzen dute, eta txirrindularitza sustatzeko egiten duten ahalegina azpimarratzekoa da”. Bestalde, Nafarroako Txirrindularitza Federazioak pandemian txirrindularitza sustatzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen.

Iaz euren bidea bukatu zuten juniorrekin gogoratu ziren. Txirrindularitza utzi duten Goyo Chamorro, Julen Guerrero eta Willy Torres izan zituzten gogoan, eta afizionatuen mailara salto egin duten Iker Mintegi (Laboral Kutxa) eta Unai Aznar (Lizarte) oholtza gainera gonbidatu zituzten. “Txirrindulari izan nahi dugun edo ahal dugun erabakitzeko kategoria berrian gaude orain. Orain hasten da benetakoa” adierazi zuten biek. 

Aurten 9 lasterketa antolatuko ditu Burundak: igandean Altsasuko jubenilen 35. Udaberri saria, apirilaren 17ko Altsasuko kadeteen 33. Burunda Trofeoa, uztailaren 2ko Urdiaingo kadeteen proba eta uztailaren 16ko Iturmendiko kadeteen lasterketa. Horretaz gain, Iturmendin, Urdiainen, Altsasun, Olaztin eta Ziordian festetan antolatzen ohi diren eskolen mailako probak. 

Guerrero: “Harro egoteko modukoa da”
Oscar Guerrerok jarraitzen du Burundako presidente. Iñaki Lasa presidenteordea da, Gorka Mintegi idazkaria, Ismael Perez diruzaina eta Joxean Begiristain eta Pablo Urtasun bokalak. "Aurten 59 txirrindulari. Uste dut aspalditik ez ditugula horrenbeste izan. Horietatik 17 berriak dira, tartean 10 emakume, nabarmentzekoa. 12 familia berri. Harro egoteko modukoa da" azpimarratu zuen Guerrerok. "Sekulako poztasuna ematen du" gaineratu zuen egun Burundako gurasoa den Iker Flores txirrindulari profesional ohiak.  

Iker Flores: “Geroz eta neska-mutiko gehiagok txirrindularitza hautatzeak poztasuna ematen du”
Izan ere, Juan Mari Guajardok Iker Flores txirrindulari ohia oholtza gainera gonbidatu zuen. “Burundan trebatu zinen, eta Euskaltelen eta Fuerteventuran karrera profesional bikaina egin zenuen. Tour del Porvenir irabazi zenuen. Lanaren, pertseberantziaren eta txirrindularitzarekiko ilusioaren adibide bikaina zara” esan zion Guajardok. Floresek erantzun zuen hori dela garrantzitsuena, ilusioa. “Sekulako poztasuna ematen du neska-mutiko geroz eta gehiagok txirrindularitza hautatzen dutela ikustea. Ni ere horrela hasi nintzen. Jubeniletara arte taldekideekin entrenatzeko gogoa izatea, ongi pasatzea eta disfrutatzea, hori da garrantzitsuena. Afizionatuetan egoera aldatzen da; hori beste historia bat da” azaldu zuen. Halaber, guraso denetik garai batean bere gurasoek egindako ahaleginaz konturatu dela aitortu zuen. “Gu txikiak ginenean lasterketak ateratzeko eta gu txirrindularitzan aritzeko gurasoek egin zuten esfortzuaz orain jabetzen naiz. Izan ere, guztiek osatzen dugu kluba. Laguntzen duten gurasoak ez baleude, gu ez ginateke profesional izango. Euren lana ezinbestekoa da” azpimarratu zuen. 

Halaber, bere txirrindularitza karrerarekin pozik dagoela azaldu zuen. “Lasterketa guztietan aritu nintzen, Amstel Gold Race izan ezik, eta zerbait egin ahal izan nuenean, saiatu nintzen. Lasterketa bereziena? Tourra, zalantzarik gabe. Nik beti esaten dut Vuelta eta Giroa zirkua direla, baina Tourra Circo del Sol dela. Ezberdina da, besteekin ez du zerikusirik” aitortu zuen. 


2021 Burunda Txirrindularitza Taldea

-Eskolak (43): 

Promesak (4): Anai Mazkiaran Dieguez, Alain Anguiano Via, Saioa Mejia Stefani eta Simone Flores Aguirre. 

Hasiberriak (11): Ohian Queiros Crespo, Joritz Claver Flores, Javier Ramirez de Alda Rojas, Unai Celaya Ganuza, Eki Arbizu Martinez, Iker Aguirre Muñoa, Daniel Curiel Peña, Asier Galarza Zubiria, Adei Marañon Lakunza, Ara Marquez Velasco eta Unax Mazkiaran Dieguez. 


Kimuak (20): Euken Apaolaza Martinez, Aitor Piedra Ortellado, Markel Urteaga Zelaia, Enara Perez Barrenetxea, Ezkai Lakunza Arza, Egoi Urtasun Etxeberria, Ekaitz Zufiaurre Goikoetxea, Eider Mazkiaran Dieguez, Lucia Andueza Zornoza, Ane Vegas Rodriguez, Oier Olaberria Goikoetxea, Unai Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Flores Agirre, Ibai Galarza Zubiria, Gabriel Gonzalez Juanez, Alex Gonzalez Juanez, Aitzol Hernaz Iraola, Markel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, Jon Hernandez Zubelzu eta Xabier Curiel Peña. 

Haurrak (8): June Franco Garziandia, Siets Goikoetxea Garde, Ane Beltran de Heredia Fernandez, Oier Carabias Saez, Hegoi Garcia Duran, Ekain Imaz Perez, Ekaitz Perez Barrenetxea eta June Etxeberria Anton.  

-Kadeteak (9): Andoni Yerai Bedoya Morales, Pablo Senosiain Galarza, Iker Gomez Lopez de Goikoetxea, Iker Begiristain Andueza, Ion Aierbe Senar, Iker Agudelo Razkin, Joseba Ortigosa Gonzalez, Asier Etxeberria Anton eta Mikel Regil Fernandez. Entrenatzaileak: Ion Irigoien Fresneda eta Tomas Martinez Viedma. 

-Juniorrak (7): Xabier Borrega Arnedo, Unax Trevejo Rodriguez, Ander Villalovos Hernaz, Mikel Uncilla Aldasoro, Sergio Lopez Pellegrin, Hugo Aznar Vijuesca eta Ohian Etxeberria Anton. Entrenatzaileak: Eneko Vilar Sisamon eta Alex Uncilla Aldasoro. 

Erlazionatuak

Burundak 2021eko bere taldeak aurkeztu ditu

Maider Betelu Ganboa 2021 mar 12 Altsasu   Burunda