Autoak harrapatuta hil da Balda

Guaixe 2021ko mar. 14a, 10:11

Fran Balda Araña.

Ibilgailuaren gidariak ihes egin zuen, baina minutu batzuk geroago bueltatu zen.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, autoak harrapatuta hil zen gizonezko bat atzo, 22:30 aldera. Hildakoa Fran Balda Araña arbizuarra da, 53 urtekoa. Foruzaingoa ikertzen ari den arrazoiengatik, auto batek harrapatu zuen, baina ez zen gelditu, eta aurrera jarraitu zuen. Foruzaingoaren eta Guardia Civilaren patruilak aktibatu zituzten istripuan inplikatutako ibilgailua aurkitzen saiatzeko. Istripua gertatu eta minutu gutxira, harrapaketaren ustezko egilea gertakariaren lekura itzuli zen. Foruzaingoa harrapaketaren lekuan zegoen ordurako. 

Balda ezker abertzaleko militante ezaguna zen. Arbizuko Udaleko zinegotzia izan zen 2003 eta 2007 artean Arbizuarren Hitza hautagaitzarekin eta 2007tik 2011ra EAE-ANVrekin. Azken legegintzaldi horretan Sakanako Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea ere. Bere ekimenez Palestinako Marda herriarekin senidetu zen Arbizu. Falange y Tradicion taldeak 2009ko agorrilaren 20an Arbizuko udaletxean mehatxuzko pintaketak egin zituen. Idatzi zituzten lau hautetsien izenen artean Baldarena zegoen.

Balda Herrira mugimenduaren kontrako bi sarekadetan atxilotu zuten: 2013ko irailaren 30ean eta lastailaren 4an askatu eta 2015eko ilbeltzaren 12an atxilotu eta urte hartako lastailaren 16an askatu zuten. Epaiketan akordioa lortuta 47 euskal herritarrek espetxean sartzea saihestu zuten. Orduan bezala, gaur egun, presoen euskal herriratzearen alde lanean ari zen Balda, Sare herritarraren bidez gaur egun. Atzo Etxarri Aranatzen Denak etxera leloa zuen eskualdeko manifestazioaren antolakuntzan lanean izan zen eta etxerako bueltan izan zen ezbeharra. Euskal Memoria fundazioko kolaboratzailea izan zen Balda, eta Nafarroan tortura kasu asko jasotzen lagundu zien. 


Ezbeharra gertatu zen tokia. Argazkia: Foruzaingoa.

Toki berean 
Etxarri Aranatz eta Arbizu arteko errepidean izan zen harrapaketa, NA-2410 errepideko 20,950 km puntuan, Eragako bidegurutzea eta ondorengo aldapan. Paraje horretan 2016ko ilbeltzaren 31n auto batek 19 urteko gazte arbizuarra harrapatu eta hil zuen. Auto istripu hori oraindik argitu gabe dago, gidariak ihes egin baitzuen.

Sareren oharra
Baldaren heriotza jakin ondoren, Sare herritarrak ohar bidez azaldu duenez, "zure hutsunea handia izango den arren, askoz handiagoa da eman diguzun guztia, Fran!" Sareko ordezkariek arbizuarraren heriotzaren albistea "izugarrizko kolpea" izan dela nabarmendu dute. "Bizitzaren gorabehera guztiei beti aurrera egiteko adore eta kemena erakutsi izan duzu lagun. Zure irakaspenak soinean, orain besteoi dagokigu aurrera egitea; ez da erraza izango", gaineratu dute.

Balda, "sarekide nekaezin" gisa definitu dute, "hori transmititzen zenigun etengabe. Orain, elkar konpartitzen genituen helburu eta ametsak lortzeko bidean guri dagokigu nekaezinak izatea". Baldak Saren kide izan zituenak "besarkadarik beroena eta muxurik sentikorrena" bidali diete haren "senide guztiei, batez ere Lur, Higer eta zure amari". Sarek egiten duen bidean Balda "beti" haiekin izanen dela gaineratu dute.