Pilota

Zabaletaren nagusitasuna eta Ezkurdiaren ezina

Guaixe 2021ko mar. 15a, 11:20
Elezkanok eta Zabaletak jipoi handia eman zieten Artolari eta Arangureni.

Elezkanok eta Zabaletak 3 tantotan utzi zituzten Artola eta Aranguren eta Ezkurdiak eta Ladis Galarzak 7 eta 22 galdu zuten Peña II.aren eta Albisuren kontra

Txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte gure pilotari sakandarrek Binakako hasierako ligaxkako 11. jardunaldian asteburuan jokatutako partidetan. Ostiralean Elezkano II.ak eta Zabaletak sekulako lezioa eman zieten Artolari eta Arangureni Mungian, 3 tantotan utzi zituzten hasieratik kolore garbia izan zuen partidan. Zabaleta ikusgarri aritu zen, baita Elezkano ere, eta Baikoko bikotearen gainetik pasa ziren. Egun, Binakako hasierako ligaxkako lider jarraitzen dute 9 punturekin, Altuna III.ari eta Mariezkurrenari puntu bat aterata. Ildoo honetan, atzo Olaizola II.ak eta Rezustak 22 eta 6 irabazi zieten Altunari eta Mariezkurrena ordezkatu zuen Bikuñari. 

Bestalde, larunbatean Labriten jokatutako partidan Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez zuten batere itxura ona eman. Nafarrek 7 eta 22 galdu zuten Peña II.aren eta Albisuren kontra. Ez zen Ezkurdiaren eguna izan eta burua bere onetik aterata jokatu zuen aurrelari arbizuarrak, epaile batek egindako akats baten ondotik bere senetik guztiz aterata. Horrek ez zion batere mesederik egin eta makina bat akats egin zituen. 4 punturekin, Ezkurdia eta Ladis Galarza egun seigarrenak dira sailkapenean. 

Jakak eta Martijak gaur jokatuko dute
Gaur jokatuko da Binakako hasierako ligaxkako 11. jardunaldia ixten duen partida. Jakak eta Martijak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari gaur Etxebarrin (22:30, ETB1) hil ala bizikoa izanen den partidan. Binakako finalerdietako play-offetan sartzeko aukerak izateko, gaurko partida final baten moduan planteatu dute Jakak eta Martijak. Ea irabazi eta euren 4. puntua liratekeena lortzerik duten.