Pilota

Jakak eta Martijak bizirik jarraitzen dute

Guaixe 2021ko mar. 16a, 12:00
Julen Martija bere sentsaziorik onenak berreskuratzen ari da.

Atzo Etxebarrin jokatutako partidan 22 eta 14 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Imazi. Euren hirugarren puntua lortu dute eta finalerdietako play-offetan sartzeko aukera dute oraindik

Erik Jaka eta Julen Martija berpiztu dira. Binakako Txapelketako ligaxkako lehen zati oso kaxkarra egin ondoren, bigarren bueltan iritsi dira emaitzak. Finalerdietako play-offetan sailkatzea euren eskuan zutela eta partida guztiak finalak izango balira bezala jokatuko zituztela iragarri zutenetik iritsi dira garaipenak. 

Atzo halako beste final bat zuten jokoan. Nahiz eta Urritikoetxea eta Imaz 0 eta 4 aurreratu, Aspekoek ez zuten behera egin eta gutxika partidan sartu ziren eta hobe hasi ziren jokatzen. Berdintzea lortu zuten, eta hortik aurrera jokoaren agintea hartu zuten. Jakak min handia egin zuen sakearekin eta Martijak, gutxika, atzeko koadroen kontrola hartu zuen. Horrela, gutxika aldea ateratzen hasi ziren eta Jakak eta Martijak 22 eta 14 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Imazi Etxebarrin jokatutako partida gogor eta lehiatuan. Euren 3. puntua lortuta, finalerdietako play-offetan sailkatzeko aukera badute oraindik. Lan zaila dute aurretik, baina animoz eta sentsazioz ongi daude, eta une honetan, hori oso garrantzitsua da geratzen zaien 3 jardunaldietako 3 finalei aurre egiteko. 

Sailkapena
Binakako ligaxkako 11 jardunaldi jokatuta, Elezkano II.a eta Zabaleta dira liderrak (9 puntu), Altuna-Mariezkurrenaren (8 puntu) eta Peña II.a-Albisuren (7 puntu) aurretik. Olaizola-Rezustak 6 puntu dituzte, Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Galarzak launa puntu eta Artola-Arangurenek eta Jaka-Martijak hiruna puntu. 3 jardunaldiren faltan, oraindik bikote guztiek dute aukera finalerdietara sailkatzeko play-off edo kanporaketan sailkatzeko.