Areto futbola

Galduz hasi du igoera fasea Aralar Mendik

Guaixe 2021ko mar. 17a, 12:03
Aralar Mendikoak, igoera fasera sailkatu izana ospatzen.

San Juanen kontra 9 eta 1 galdu zuten uharte arakildarrek

3. mailako areto futboleko txapelketan lehen fasea despedituta asteburu honetan hasi zen 2. fasea. Uharte Arakilgo Aralar Mendik 7B azpimultzoko 3. postuan despeditu zuen lehen fasea, eta 2. fasean igoera fasean ariko da, 7C azpimultzoan, Ribera de Navarra, Anaitasuna, Ablitas eta San Juan taldeekin. Larunbatean San Juan taldearen kontra jokatu zuen Aralar Mendik eta igoera fasea ez zen ongi hasi sakandarrendako. 9 eta 1 galduta, jipoi ederra jaso zuen Aralar Mendik San Juan pabilioian.  Ahazteko moduko partida izan zen, baina dagoeneko burua igoera faseko 2. jardunaldian dute uharte arakildarrek. Ostiralean, 19:30ean, Anaitasuna taldea hartuko dute Uharte Arakilgo frontoian, eta ea etxean jokatzeak San Juanen gertatutakoa ahaztu eta 3 puntuak berreskuratzea ahalbideratzen dien. 

Xotak 2. faseari ekingo dio
Irurtzungo Xotak asteburu honetan ekingo dio 2. faseari. Xotak 7E azpimultzoan jokatuko du Itaroa Huarte, Garbayo Chivite Cintruenigo eta Kirol Sport taldeekin batera. Asteburuan 1. jardunaldia jokatuko da eta Xotak larunbatean Itaroa Huarte hartuko du, 16:00etan, Atakondoa pabilioian.