Osasuna zainduz eta/edo gaixoak sendatuz

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2021ko mar. 22a, 10:11

Nafarroako Osasun Plataformak egindako galdeketan hainbat puntu zehazten dira osasun zentroetan ematen den arreta duina izan dadin. Martxoako asteazkenetan, 11.00etan, elkarretaratzen gara Nafarroako hainbat herritan, Altsasu tartean, osasun zentroaren aurrean. Gogoetarako bidea eman dit.
1. Osasun Zentroa deitzen diogu, baina bere funtzioa ez da osasuna sustatzea eta hobetzea, gaixotasunak sendatzea baizik. Osasun Laborala deitzen dena ere, lanean sortutako gaixotasunez arduratzen da. Baina osasunaren kalitatea sustatzeaz eta hobetzeaz zein arduratzen da?
2.- Gaixotasun mota asko daude: pertsonalak, sozialak eta naturaren egoerarekin lotuak. Gaixotasun pertsonalak gaixotasun fisikoak dira (giharretakoa, bihotzekoa) eta beste batzuk psikikoak (estresa, depresioa…). Badira ere gaixotasun sozialak (fisikoak eta psikikoak: zarata jasanezina; airearen kutsadura; edateko ur kloratuegia; pestizidekin edo antibiotikoz landutako edo loditutako elikagaiak; beldurraren hedapen planifikatua; gerrak…). Eta azkenik naturarekin loturiko gaixotasunak (aldaketa klimatikoaren ondorioz datozen ekaitzak, uholdeak, desertifikazioak, suteak, ekosistemen suntsipena, pandemiak, goseak eta beldur itogarriak…).Gaixotasun pertsonal gehienak badira aldi berean psiko-somatikoak, eta sozialak, eta naturaren kutsadura edo sustsipenarekin lotuak.
3.- Zeintzuk artatzen dira osasun zentroan? Pertsonalak eta somatikoak. Baina munduko gaixotasun moderno epidemikoen artean depresio eskizofrenia aipatzen dira. Baina sendaketa psikikoak (depresioa, estresa eta abar…) bigarren mailan daude. Gaixotasun pertsonal asko gizartearen antolakuntzaren ondorio dira! Edota naturaren gorabeherekin zer ikusia dute!
4.- Nola artatzen dira gaixotasunak? Funtsean bi bide: farmakologia (pilulak) eta operazio klinikoak. Hernia duzu, minbizia? Operatu. Buruko mina, insomnioa, gastritisa? Pilula… Hau ez da serioa. Gaixotasun iturria mantendu, pilularekin lasaitu, gaixotasuna berriro agertu,  pilulak bizitza osorako. 
5.- Gure osasuna, neurri handi batean, merkatuan agintzen dutenen menpe dago eta publizitate bidez gidatua da. Denboraren erabilera, espazioan kokatzea, bizitza abiadura, botere harremanek ez dute lekurik osasun zentroan. Ezta mediku ikasketetan ere. Ez al gara gaixo dagoen gizarte batean bizi?