Pilota

Zabaletak finalerdietan sailkatzeko aukera du gaur

Guaixe 2021ko mar. 19a, 12:00

Gaur irabazten badute finalerdietarako sailkatuko dira Elezkano eta Zabaleta.

Elezkanok eta Zabaletak Peña II.ari eta Albisuri irabazten badiete zuzenean sailkatuko dira Binakako finalerdietarako. Ezkurdia-Ladis Galarzak eta Jaka-Martijak garaipen bana lortu nahi dute, finalerdietan egoteko aukera izaten jarraitzeko

Asteburuan Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia jokatuko da. Txapelketa luzea da Binakakoa, baina emozioa du, astebururo zerbait dagoelako jokoan. Baita asteburu honetan ere. Goiko postuetarako jardunaldi erabakigarria izanen da, eta zer esanik ez beheko postuetarako. Oraindik ez da ezer erabaki, eta beste jardunaldi zirraragarri baten atean gaude. 

Zabaletak irabaztea du buruan
Elezkano II.a eta Zabaleta liderrek (9 puntu) Peña II.a eta Albisu (7 puntu) izanen dituzte aurkari ostiralean 17:00etan Bilbon. Sailkapenaren goiko aldean daude bi bikoak, eta goi mailako partida espero da. Elezkano II.ak eta Zabaletak irabaztea, ez dute besterik buruan. Izan ere, irabaziz gero zuzenean sailkatuko dira finalerdietarako. Eta Zabaletak material aukeraketan azaldu zuenez, “3 jardunaldi geratzen dira ligaxka despeditzeko, baina guk lehenbailehen sailkatu nahi dugu”. Aurreko jardunaldian Artola eta Aranguren 3 tantotan utzi zituzten Elezkanok eta Zabaletak, ikusgarri jokatu eta gero, eta konfiantza alde dute. Faboritoak dira, baina Peña II.a eta Albisu txapelketa bikaina egiten ari dira, aurreko larunbatean Ezkurdia eta Ladis Galarza 7 tantotan utzi zituzten eta, hortaz, ostiralean lehia oso gogorra eta estua espero da. 

Martijak itxaropena du
Larunbatean Jakak eta Martijak (3 puntu) Olaizola eta Rezusta (6 puntu) izango dituzte aurkari Iruñeko Labriten 17:15ean jokatuko den jaialdian. Azkeneko garaipenei esker konfiantza berreskuratu dute Jakak eta Martijak. Jakitun dira irabaziz gero finalerdietarako ligaxkan sailkatzeko aukera dutela, eta horregatik Olaizolaren eta Rezustaren kontrako partida beste final bat bailitzan prestatu dute, nahiz eta jakin badakiten partida oso zaila dutela aurretik. Martijak adierazi du ongi  dagoela, ongi jokatzen ari dela eta pilota errazago irteten zaiola eskutik. Etxarrengo atzelariak azaldu duenez, “inoiz ez dugu itxaropena galdu, ezta bolada txar betean ginenean ere. Zailena egin dugu, bizirik irautea, Baina asko falta da oraindik”. Olaizolaren eta Rezustaren kontra aritzea erronka zaila da (lehen itzulian 22 eta 2 galdu zuten euren kontra), baina buelta eman nahi diote. Argi dute zer egin behar duten. “Ni saiatuko naiz atzean eusten, eta Eriki aurrean errematatzeko aukerak ematen. Ea aprobetxatzen dituen”. Ea hala den. 

Ezkurdiak bosgarrena nahi du
Ezkurdia eta Ladis Galarzak (4 puntu) igandean jokatuko dute, 17:00etan, Logroñoko Adarragan, Artolaren eta Arangurenen kontra (3 puntu). Ezkurdiak eta Galarzak aurreko asteburuko partida ahaztu nahi dute. Burua bere onetik aterata jokatu zuen aurrelari arbizuarrak, epaile batek egindako akats baten ondotik. 7 eta 22 galdu zuten Peña II.aren eta Albisuren kontra eta egoerari buelta eman nahi diote. Artola eta Aranguren ere ez daude bere onenean, liderren kontra jipoi ederra jasotzetik baitatoz. Beraz, egoerari buelta eman nahi dioten eta jokoan dagoen puntua behar beharrezkoa duten bi bikoen arteko partida izango da igandekoa. 

Azkenik, astelehenean, martxoaren 22an, Urrutikoetxeak eta Imazek (4 puntu) Altuna eta Mariezkurrena (8 puntu) izango dituzte aurkari. Mariezkurrenak uste du jokatzeko moduan egongo dela, baina ostiralean hartuko du erabakia, proba egin eta gero. Prest ez badago, litekeena da Bikuñak bere lekua hartzea.