“Lehen galdera da ea ziurtagiri digitala duen”

Guaixe 2021ko mar. 31a, 14:58
Oskia Lazkoz Munarriz eta Susana Mendinueta Flores Cederna Garalurreko teknikariak. Utzitakoa.

Arbizuko Utzubar industrialdean dago Utzugane, Sakanako Garapen Gunea. Bertan du egoitza Cederna Garalurrek. Bai Susana Mendinueta Floresek bai Oskia Lazkoz Munarrizek ekintzaileei harrera egin eta laguntzen dituzte. 

Cederna Garalurreko teknikariek eskarmentu zabala dute ekintzaileei aholkuak ematen. Susana Mendinueta Floresek eman ditu haien jardunari buruzko azalpenak.

Edozein pertsona izan daiteke ekintzailea? 
Ezaugarri edo trebetasun batzuk izan beharko lirateke, baina, bai. Batzuetan egoerak ere ekintzailetzara eramaten gaitu. Esaterako, krisi bat dagoenean, beharrak ere jendea ekintzailetzara eramaten du. Agian ez ditu ezaugarriak, zeren ekintzailea izateko indarra behar da. Batzuetan oztopo asko egoten dira eta ezaugarri batzuk izan behar dira. Baina denetarik dago. Eta egoeren arabera batzuk ongi ateratzen dira eta besteak ez. 

Ekintzailetza laguntzeko zerbitzutik laguntza ematen diezue.  
Joan den urtean pandemiarekin ekintzailetzak behera eginen zuela pentsatzen genuen, baina 30 ekintzaile lagundu genituen. Zifrak mantendu dira, 2019an ere antzeko izan zen. Nahiz eta egoera larria izan pertsona batzuk lan egin dute bere jarduera martxan jartzeko. Ekintzailetza Zerbitzua Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen du. 

Jendeak zuengana jotzen du edo zuek ere jotzen duzue jendearengana?
Normalean beraiek etortzen dira hona. Arreta mistoa egiten dugu, ez bakarrik presentziala, baita teknologia berriekin ere (e-posta, telefonoz, bideo-deiak…). Halakoak ere egiten ditugu egoeraren arabera. Jendea aurrez aurrekora ohituta badago eta horrela nahiago badu, ez dugu oztoporik jarri horretarako. Egia esan, joan den urtean normaltasunez egin genuen lan, konfinamenduko hilabeteak kenduta. 

Zertan laguntzen dituzue ekintzaileak? 
Batzuk ideia argi eta garbi dutela etortzen dira, eta ideia martxan jartzeko zer dirulaguntza dauden jakitera etortzen dira. Dirulaguntzen tramitazioan ere laguntzen dugu, dena on-line egin behar delako eta jendeak ez dituelako hainbat trebetasun. Beste batzuk landu nahi duten ideia batekin heldu dira. Baina gehiegi landu gabe dute ideia eta gure laguntza nahi dute zehazten joateko. Orduan bideragarritasun plana egiteko, ideia borobiltzen joateko aukera ematen diogu. Halako aurre pausoak ere egiten ditugu. Bideragarritasun planak egiten ditugu. Norbaitek inbertsio handia egin behar badu, eta zenbakiak ongi aztertu nahi baditu, edota askotan kutxek edo bankuek bideragarritasun plana eskatzen diete. Horregatik, arreta desberdina eskaintzen dugu. 

Nik enpresa bat jarriz gero zerga, administrazio kontuak eta beste ikasi beharko nituzke. 
Bai. Jendeari ere zer pauso eman behar dituen esaten diegu, alta emateko-eta. Bestalde, prestakuntza saioak antolatzen ditugu. Lehen presentziala zen baina joan den urtetik on-line egiten dugu. Hainbat ikastaro antolatzen ditugu, esaterako: “nola antolatu zure agiriak zerga bete beharrak betetzeko” edo “nola egin ogasunarekin egin beharreko tramiteak on-line”, ordainagiriak eta beste ziurtagiri digitalaren bidez diseinatzen ikasteko. Zeren, gaur egun, ziurtagiri digitala oso garrantzitsua da. Jendeari egiten diogun lehen galdera da ea ziurtagiri digitala duen. Ez badute egiteko eskatzen diegu. Inportantea da gaur egun edozein tramite egiteko. Bai ekintzaileendako baita jendearendako ere. Tramiteak egiteko, edota osasun txostena kontsultatzeko. Hori egiten jakitea garrantzitsua da. Ez dugu inon ikasi, ez digute inon irakatsi. Erraza da, publikoa eta dohainik. 

Martxan dauden enpresak ere laguntzen dituzue? 
Bai. Guk ez dugu formula magikorik. Gure metodologia da bakoitzak aztertzea non sartzen den. Guk tresna bat ematen diegu esanez: bilatu datu hauek, horiek eta beharrezko haiek. Beraiek bere ideian sartzen, sakontzen joaten dira. Eta datuak lortzen, ikusteko eta kontrastatzeko datu horiekin ideia bideragarria den edo ez. Haiek egiten dute, guk ez. Jakina, negozio bera izanik ere, egin behar duzun inbertsioa, eskatu behar duzun mailegua, kokapena… asko aldatzen da. Ez du ezer ikusterik taberna batek Altsasun kale batean edo bestean, edo Uharten edo Dorraon edo… 

Arreta pertsonalizatua? 
Bai, bakarkakoa. 

Gauza bera da negozioa zerotik hastea eta eskualdaketa?
Ez. Eskualdatzea egiten duenak, dagoeneko negozioa martxan du, bezero batzuk ditu, inbertsio batzuk ere baditu. Kasuen arabera interesgarria izan daiteke martxan dagoen negozioa hartzea. Zeren zerotik hastean, negozioaren arabera tramiteak, proiektuak eta beste egin beharra izan dezake martxan jarri aurretik. Martxan badago, eta lizentzia eta gauza guztiak baldin baditu, titularitate aldaketa egiten da eta errazagoa da martxan jartzea. Egia da ere, ongi aztertu behar dela hartu behar duzun negozio horrek zer zenbaki dituen, zein egoeratan dagoen. Zeren agian kasu batean ongi joan daiteke, baina zuk hartzen duzunean agian ez, lokalaren alokairuagatik… Nahiz eta gauzak errazagoa izan, beti ez da erraza. 

Eskualdatze kasuan ere laguntzen duzue? 
Jakina. Beraiei hartu behar duten negozioaren datuak eskatzeko esaten diegu.  

Eta eskualdaketa dagoenean, nagusien eta hartzailearen arteko harremanak nolakoak dira?
Pertsonen araberakoa izaten dira prozesuak. Batzuetan errazagoak eta besteetan zailtasunekin. Baina horrek ere zerbait esan nahi du. Dena informazioa da. Guk egoeraren berri ematen diogu eta erabakia pertsonala da. Horrek beti horrela izan behar du. 

Informazio emateak errazak izaten dira eskualdaketa kasuetan? 
Denetarik dago. Datuak ematen dituenaren arabera. Batzuei agian gehiago kostatzen zaie. Normalean gauzak ongi joanez gero ez da problemarik izaten. 

Jendeak nola daki negozio eskualdaketak daudela?
Bi bide daude. Alde batetik, www.navarraemprende.com web orria dago. Hor eskuz aldatu nahi duten negozioak daude. Negozioa itxi nahi dutenak webgunean haren berri eman eta harremanetarako bideak jarri, eta jendea harekin harremanetan jarriko da. Webgune berean badago beste orri bat zeinetan azaldu dezakezun zer nolako negozioa hartu nahi zenuke. Beste bidea, ahoz ahokoa da. Entzundakoa edo, baldin bazaude negozioa itxi behar duen pertsona batendako lanean eta interesatzen bazaizu… Horiek dira bideak. 

Nondik heldu zaizkizue kasu gehiago, webgunetik edo ahoz ahokotik? 
Ahoz ahokotik gehiago. Normalean, gertutasuna. Jendeak bestea ezagutzen normalean, eta errazagoa egiten da. Berria denean, ez dakizu zein den, zer den… Jendeari halakoak gehiago kostatzen zaizkio. Herrikoa, aldemeneko herrikoa… Hori errazagoa da, pertsona ezagutzen duelako.

Webgunean eskuz aldatu nahi diren Sakanako negozioak daude? 
Bat edo beste badago, bai. 

Hutsik dauden lokalak ugariak dira. Horiei bizitza emateko zer? 
Ez dugu planik. Hori ekintzaileen esku dago. Kontua da denok dakiguna, negozio txiki gero eta gutxiago daude, lokalak gero eta gehiago. Hori merkatuaren aldaketaren eragina da. Merkatuan gero eta lehiakortasun handiagoa dago on-line merkatuarekin. Hori eragin handia ari da izaten merkataritza lokaletan. 

Non zaudete? Nola jarri daitezke zuekin harremanetan? 
639 900 336 telefonora hots eginez edo sakana@cederna.es e-posta helbidera idatziz. 

Erlazionatuak