Ikastolen hazietatik euskararen loreak

Guaixe 2021ko mar. 24a, 10:01

Nafarroako ikastolen euskararen aldeko ekarpenari buruzko dokumentalaren aurkzepenean izandako protagonistetako batzuk. Argazkia: NIE.

Nafarroako Ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean izan duen eraginaz dokumentala aurkeztu dute.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) Landatu, ureztatu, loratu dokumentala aurkeztu zuen larunbatean. Nafarroako ikastolen mugimenduko 11 kideren eta euskalgintzako beste hiruren elkarrizketek osatzen dute ikus-entzunezkoaren ardatza. Guztiek ere Nafarroako ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean izan duen eragina ezagutzeko testigantzak ematen dituzte. 

NIEko buru Josu Reparazek azaldu zuenez, “jasotako testigantzak oso interesgarriak izan dira. Ikastolen sorrerak euskararen berreskuratze, transmisio, sustapen eta zabalkundean nola lagundu zuen erakutsi nahi izan dugu, bai eta euskara garai hartan Nafarroan zein egoeretan zegoen ere, besteak beste”. Kamera aurrean jarri direnen artean bi sakandar daude: Marta Igoa Erro etxarriarra Nafarroa Oinez festari buruz hitz egin duena eta Aitziber Etxaiz Soria, Iñigo Aritza ikastolari buruz hizketatu dena. 

NIEk proiektu horren bidez, “Nafarroako gizartean gure hizkuntza eta kultura bultzatzeko hainbat modu ikusarazi nahi izan ditu, gure materiagabeko ondare garrantzitsuena babesteko eta etorkizunean berauen erabilera eta balioak mantentzen jarraitzeko”. Dokumentala Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren Sustraiak/Raíces deialdiko finantziazioari esker egin dute. Aitor Ortiz de Feliperen ardura izan da hura ontzea. Elkarrizketak grabatu ondoren dokumentazio lana egin zuen ikus entzunezkoa osatzeko. Dokumentala www.nie.eus web orrian ikusgai dago. 

Elkarrizketatuak 
Nafarroako Ikastolen Elkartea eta ikastolei buruz: Carlos Garaikoetxea (ikastolen sortzaile eta sustatzaile), Patxi Zabaleta (ikastolen sustatzaile eta Arturo Kanpion euskaltegiaren sortzaile), Arantzazu Amezaga (ikastolen sorreretan ama), Javier Yaben (ikastolen sorreretan aita), Irene López-Goñi (NIE), Jemi Sorabilla (Paz de Ziganda Ikastola), Luis Fernando Etxeberria (Lizarra Ikastola), Marta Igoa (Nafarroa Oinez) eta Aitziber Etxaiz (Iñigo Aritza Ikastola). Euskalgintzatik, berriz:  Andres Iñigo (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen kontseilua), Aitor Etxarte Berezibar (Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi). 

NIE

Nafarroako Ikastolen Elkartea 1976an eratutako irabazi-asmorik gabeko bigarren mailako irakaskuntza-sozietate kooperatiboa da. Bere helburu nagusien artean, bere ekintzak euskarazko hezkuntza sustatzera bideratzea, bai eta euskararen babesa, sustapena eta ezagutza bultzatzea ere. NIErentzat, euskara, hizkuntza eta euskal kultura eta ohituren ahozko tresna gisa, Nafarroako ondare immaterial handienetako bat da. Eta, horren kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko egiten du lan.