Hasi da osasun arreta egokiaren aldeko sinadura bilketa

Guaixe 2021ko mar. 24a, 09:38
Kalitatezko lehen arretako osasun zerbitzua aldarrikatzen ari dira asteazkenero osasun etxeen parean.

Gaur eta heldu den asteazkenean azokan jasoko dituzte sinadurak, kultur gune parean eta Zumalakarregin. Bi egunetan osasun etxeen parean kontzentrazioak eginen dira, lehen osasuneko arreta duina izateko beharrezko baliabidez hornitu dezaten eskatzeko.

Martxoko asteazken guztietan, 11:00etan, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentrazioak egiten ari dira. Nafarroako Osasun Plataformak deitutako bilkurak dira, lehen mailako arreta egokia eskatzeko. Altsasuko osasun eskualdean medikuen faltarekin dagoen arazoa salatzeko eta egoera bideratzeko eskatzeko sinadurak bildu zituzten asteazkenean. Sinadura bilketa astelehenetik martxan dago eta altsasuar, olaztiar eta ziordiarrei eskaerekin bat egitera gonbidatu dituzte. Gaur egun egon beharko luketen sei medikuetatik bost daude. Behin behinean bete dira postuak, beste nonbaitetik ekarrita eta haietako batek ez du lanaldi osoa. 

Eskaerak
Bitartean, Nafarroako Osasun Plataformak bere eskaerak berretsi ditu. Batetik, osasun-zentroetan irisgarritasuna hobetzea, aurrez aurreko arreta areagotuz, profesionalak pazienteengandik ez urruntzeko. Horrekin batera, plataformak exijitu du osasun etxe eta kontsultategien azpiegiturak hobetzea, gaur egun ez baitira berdinak eta ez baitira nahikoak. Baita, kudeaketa burokratikoa inplementatzeko hornidura teknologikoa hobetzea (zuntz optikoa, telefonoak, ordenagailuak).

Gainera, plataformatik eskatu dute Europatik heldu diren funtsak lehentasunez erabiltzea azpiegiturak eta hornidura teknologikoa handitzeko. Aldi berean, exijitu dute plantilla handitzea, profesionalen absentziak kontratu egonkorrekin estaltzeko. Baita psikologia eta fisioterapia bidezko laguntza-jarduera zabaltzea. Bestalde, langileen behin behinekotasunarekin bukatzeko, 2021eko deialdi batean egungo lanpostuen %80 finkatzea eskatu dute, profesionalen fluxua saihesteko.

Nafarroako Osasun Plataformak eskatu du langile gehiago hartzea mediku eta erizain bakoitzeko paziente kopurua murrizteko, eta horrela pazienteen osasun integrala lortzea, sustapenean, autozaintzako prestakuntzan, prebentzioan, osasunean eta eskaera psikosozialetan, arreta soziosanitarioan eta etxez etxekoan inbertituz. Ezinbestekoa da osasun-beharrei eta -arazoei norberaren, taldearen eta komunitatearen ikuspegitik erantzutea.

Agenden saturazioa konpontzeko onarpen baheketa aldatzea proposatu dute. Bizkortasun handiagoa eta itxarote-denbora gutxiago lortzea litzateke eskaera horren helburua. Aldi berean, ospitale-asistentziarekiko harremanak hobetzea eskatu dute plataformatik. Eta, azkenik, Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatu bezala, aurrekontuaren %20 lehen arretara bideratzea.