Olaztiarrak eskarmentu handia du. Ile apaindegi askotan lan egindakoa da. 16 urtetatik darama batean eta bestean lanean, orain arte beti besteendako lanean. Orain bere ileapaindegia du, Alquimia color.
Nola sortu zen zugan negozio propioa izateko aukera?
Ez nuke sekula pentsatuko nik hartuko nukeenik. Altsasun lan egiten nengoen, ile apaindegi hartako jabea bajan zegoen eta ni bakarrik gelditu nintzen. Oso gustura nengoen. Baina lagun batek esan zidan: Etxarrin eskualdatu nahi duen ile apaindegi bat dago. Ezetz esan nuen: “ni hemen geratuko naiz”. Buruan bueltak eman nizkion eta, azkenean, lortu nuen ni hartzea.
Zer izan zen erabakia hartzera bultzatu zintuena?
Ni lanean bakarrik nengoen, arduraduna nintzen. Ahal nuela ikusi nuen. Gauzak nik bakarrik egitera bultzatuko ninduen norbait falta zitzaidan. Beti norbaitekin lanean nengoen eta esaten zidan egin hau edo bestea. Beti agindutakoa egiten. Neska honek aukera eman zidan. Esan zidan: zuk ahal duzu, eta bakarrik eginen duzu. Eta han utzi ninduen. Ahal nuela esan nuen, eta denborarekin ahal nuela ikusi nuen. Guztiek ahal duten bezala. Eta esan nuen: “beste pertsona batendako lan egin beharrean niretako eginen dut. Edo saiatuko naiz, behintzat”.
Zergatik erabaki zenuen eskualdatzearen alde egitea eta ez zerotik hastea?
Aukera zegoen eta hartu nuen. Ez da erraza hala ere. Bezeroak badaude, baina bezeroak bestearekin daude gustura. Zu ailegatzen zara, berria zara eta “nolabait” bezeroak erosten dituzu. Baina geratzen diren edo ez, ikusi beharra dago. Batzuk geratu dira, besteak joan dira. Berriak etorri dira.
Aurreko nagusiarekin batera lan egin zenuen, bezeroak ezagutzeko?
Ez. Eta orain ikusita, hobe litzateke ni berarekin denbora batez lan egitea eta gero ni bakarrik gelditzea. Berak lan egin zuen azkeneko eguna izan zen ostirala eta ni larunbatean lanean nengoen. Han zegoen nirekin, baina ez lan egiten, autonomo bezala. Dagoeneko baja emana zuen. Eta ni lanean gelditu nintzen. Esan zidan: honi gustatzen zaio hau, hari bestea… Baina ni, jada, lanean. Esan zidan nahi banu 15 egunez horrela geldituko zela, ni aurkezten, baina ezezkoa eman nion. Ni bakarrik gelditu nintzen. Orain, atzera begiratuta, beste modu batera egin beharko litzateke.
Bezero batzuei eutsi eta berriak lortu dituzu. Hori ere ez da erraza izanen, ezta?
Bakoitza ez da ez hobea edo okerragoa lanean. Bakoitzak bere lan egiteko modua du, eta batzuei gustatzen zaie nirea, beste batzuei gustatzen zaie bestearena. Baina ez da erraza izan.
Noiz hartu zenuen negozioaren ardura?
Orain dela urte eta erdi.
Bezero berriak sartzea zerbaiten seinale ere izanen da.
Gauden egoeran zaila da. Gauzak pitteka lortzen dira, denbora eman behar diegu gauzei; lan egiten, bakarrik etortzen dira. Ongi egiten badituzu gauzak eta jendea ongi tratatu, azkenean, ahoz aho zabaltzen da.
Aurreko ile apaintzailearen bezeroek zer esaten dizute zuri?
Gustura daudela, oso maja naizela eta ongi lan egiten dudala. Aurreko ile apaintzaileari ere kostatu zitzaion. Lau amiñarekin hasi zen lan egiten eta pitteka egin zituen bezeroak. Eta, ni, berdin.
Nola izan zen eskualdaketa?
Lehenengo kontua nuen Laboral Kutxara joan nintzen eta han galdetu nuen zer egin beharko nukeen. Esan zidaten bideragarritasun ikerketa egin behar zutela. Mahai gainean dauden baliabideak jarri, aztertu eta ea aurrera joan zitekeen. Haiek ezetz esan zidaten. Hilabeteak itxaroten egon nintzen. Lehenengo baietz esan zidaten. Hau hartzeko lana utzi nuen. Gero jendea aldatu eta ezetz esan zidaten. Bankuetan galdezka ibili nintzen eta, azkenean, lortu nuen nire amaren laguntzarekin, beti bezala, lortu nuen. Ondoren, Cederna Garalurrera joan nintzen. Zer egin behar nuen esan zidaten. Enplegu bulegora ere joan behar nuen paperak egitera. Gauza asko egin behar dira. Ez da batere erraza. Ez dute inongo erraztasunik ematen. Oso zaila izan zen, egia esanda. Tramite asko egin behar dira, eta paper pila bat. Baina, azkenean, lortu nuen eta hemen nago.
Jaso zenuen informazioa argia edo nahasia zen?
Argia. Zeren zerbait ulertzen ez dudanean galderak egiten ditut.
Eskualdaketa egiteko adostasuna lortzea, nola izan zen prozesu hori aurreko jabeekin?
Luzea izan zen, batez ere bankuetan ez nuelako lortzen… Edonola ez dizute dirurik ematen. Mahai gainean baliabideak jarri behar dira, eta bideragarritasun ikerketa egin behar da. Hori zaila da. Gainera, traba pila bat jartzen digute. Zeren gu berri hasten gara. Gazteak gara. Ez dugu diru asko arrueztuta horrela hasteko. Bestela ez genuke banku batean eskatuko. Ez dute erraztasunik ematen. Baina, ondoren, beste ile apaintzailearekin guztia erraza izan zen.
Eskualdaketa egiteko laguntzaren bat jaso zenuen?
Bai, jaso nuen laguntza autonomo berri eta emakumezkoa izateagatik, 2.000 euro. Pixka bat atzeratu zen, baina, jaso nuen. Eta gero nire langabeziaren kapitalizazioa. Ez guztia, zeren hor ere korapilo pila ditut. Langabezian egon nintzen azken aldian, lanaldi erdian aritzen nintzenez, lanaldi erdiari kapitalizazioa eman zidaten.
Aurrera jarraitzeko adina, bai.
Bai. Batzuetan gogoa kentzen zaizu. Egoera ikusita. Eta gero jendeak beldurra dauka. Ez da lehen gauza. Baina, beno, aterako gara.
Orain dela urte eta erdi esan duzu.
Eta, gainera, haurdun nengoen. Txikitxoa pandemiaren erdian jaio zen. Ni pandemiagatik ile apaindegia itxita. Kaosa izan zen. Baina, hemendik aurrera, guztia goraka.
Pandemia urtea nola pasa duzu. Egokitzea nahiko lan?
Pandemiaren aurretik lan egin nuen. Lehen lan egiten nuena ikusita orain egiten dudana ez da ezer. Baina, beno, urte bat aldaketentzako, berrasmatzeko, eta pitteka. Ikusten ari naiz jende berria etortzen ari dela.
Dirulaguntzarik jaso duzue itxita egoteagatik-eta?
800 euroko ordainketa bat jaso nuen. Ongi etorria, baina…
Gauza bat da besteendako lan egitea eta beste bat negozioaren ardura guztia zure gain hartzea. Zer moduz?
Batzuetan pentsatzen dut: zeinen ongi egonen nintzatekeen lan egiten eta etxera, ezer gehiagotan pentsatu gabe. Bestalde, beste abantaila batzuk dauzka: nire ordutegia nahi dudan bezala antolatzen dut, inor ez dut atzean esaka egin hau edo hori ez da horrela egiten.
Negozioaren ardura hartzeak lana eman dizu. Ordutik, pertsonalki, gaitasunen bat landu duzu?
Bai. Beste batekin lan egiten duzunean, nahi eta nahi ez, beti zalantzak galdetzen dizkiozu. Jendea egunero joaten da eta hainbat arazo agertzen dira: hau nola egiten dut? Zer jarriko nioke honi hau ez gertatzeko? Ile apaintzailea izatea ez da batere erraza. Beti beste batekin hitz egiten duzu konponbidea bilatzeko. Bakarrik zaudenean zuk bakarrik egin behar dituzu gauzok, zalantza horiek argitu. Jakina, gaitasunak hartu ditut. Baita diru kontuetan. Pixka bat guztian. Baina, langilea nintzen eta langilea naiz. Orain gehiago gainera