Silvia Marañon Chasco alkateak anfitrioi lanak egin zituen ostegunean, udaletxean hartu baitzituen Arbizu eta Etxarri Aranazko udalak kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari Iraitz Lazkano Garitaonandia, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Hualde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria Gorostidi. Hiru erakundeen artean Arnasa Gara kanpaina sustatu dute eta aurtengo jarduna aurkeztu zuten.
Kanpainaren bidez, arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi dute eta hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa sustatu nahi dute. Horretarako, hurrengo zortzi astelehenetan esketx batez osatutako bideo labur bana zabalduko dute. Haietako bakoitzean udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza-ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte. Gainera, egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat eginen da sare-sozialen bidez.
Horrekin batera, arnasgunetan bizi diren musikari, aktore, kazetari eta kirolariei on-line elkarrizketak ere zabalduko dituzte asteazkenetan Instagrameko @ArnasaGara profilaren bidez, Live formatuan. Hitza hartuko dute Antton Telleriak, Aitziber Garmendiak, Eñaut Elorrietak, Sambou Diabyk, Erika Olaizolak, Ander Lipusek, Iratxe Urkiagak eta Ainhoa Etxebarriak. Gainera, kanpaina zabaltzen parte hartzen dutenen artean astero zozketa eginen da aipatutako sare sozialean. Argia, Elhuyar eta Gaztezulo aldizkarietako urteko harpidetzak zozketatuko dira astero, baita Elkar dendetan gastatzeko txartela ere.
Bestalde, “Egunean Behin” jokoaren bidez ere ezagutaraziko da “Arnasa Gara” kanpaina eta aste betez aplikazio ezagunaren erabiltzaileek arnasguneen inguruko zenbait galdera ere erantzun beharko dituzte. Kanpaina despeditzeko, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta tailer moduko hausnarketa saioak ere eginen dituzte. Era berean, UEMAko kide diren herrietako ikastetxeetan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.
Garrantzia
Kanpaina duela bi urte aurkeztu zuen hirukoak eta aurten segida eman diote. Marañonek azaldu zuenez, “herritarrak kontzientziatzeko” kanpaina da, “egunerokoan euskara nola erabiltzen dugun eta zer-nolako ohiturak ditugun hausnartu dezagun”. Ollok gaineratu zuenez, “udalerri euskaldunetan modu naturalean transmititzen da euskara, belaunaldi batetik bestera, herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Nafarron ondarea babesten eta ezagutarazten egiten dugun ahaleginaren baitan, arnasguneak ere kontuan hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu”. Kontseilariak gaineratu zuenez, kanpainarekin bi helburu lortu nahi dituzte, “batetik, udalerri euskaldunetako herritarrek kontzientzia har dezaten, non bizi diren, eta zer-nolako garrantzia duen euskarak nafar guztion ondasuna lau haizetara zabaltzeko. Eta, bestetik, udalerri euskaldunetan bizi diren herritarrek ere arnasguneak zer diren uler dezaten, aniztasunari eta herri honen kulturari egiten dioten ekarpena kontuan hartuz”.
Ollok nabarmendu zuenez, kanpainak “hizkuntza ekologiaren kontzeptua dakar erdigunera. UEMAren eta Nafarroako Gobernuaren elkarlanari esker hainbat eskoletara heltzen den hezkuntza proiektuan lantzen den moduan, hizkuntza biziberritzeko giltzarriak dira euskara modu naturalean hitz egiten eta zabaltzen duten eremuak. Horren berri eman nahi diegu gainerako nafar guztiei ere, udalerri euskaldunetan egunero ohikoak diren gertaerak bideo laburretan bilduta, hausnarketarako atea zabalduz”.
Elkarlana
UEMAko Lazkanok, berriz, “arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait” dela nabarmendu zuen. Lazkanok gaineratu zuenez, “herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko. Hori bultzatu nahi dute 8 bideo hauek, eta udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarriak dira”. UEMAn gazteen euskararen erabilera ohituren inguruko “kezka handia” dutela gaztigatu zuen. “Horregatik abiarazi genuen UEMAren hezkuntza proiektua, duela lauzpabost urte, eta bideoak han landuko dira, ehunka eskoletara eta milaka ikaslerengana iritsiz”. Kanpaina “herritarren eta gazteen kontzientziazioan erakargarria” dela iruditzen zaio.
Lazkanok, bestetik, kanpainak “hizkuntza politikarako garrantzitsuak diren eredugarritasuna, elkarlana eta herritarren kontzientziazioa” biltzen dituela nabarmendu zuen. Erakundeen eredugarritasunaz esan zuen: “guk euskaraz egiten badugu, herritarrak ere bideratuko ditugu horretara. Bideo hauek horren inguruan hausnartzeko ere bidea ematen dute. Gurasoen rolen inguruko hausnarketa ere ageri delako, besteak beste”. Elkarlanari dagokionez, kanpaina hiru erakunderen lanaren emaitzaren fruitu dela nabarmendu zuen: “arnasguneen garrantzia elkarrekin nabarmentzeaz aparte, bideo horien bidez zabaldu nahi diren mezuak ere elkarrekin adostutakoak dira, azkenaldian dozenaka udaletatik eta euskalgintzatik heldutako kezkari erantzun nahian. Ez da lehen aldia, eta ez da azkena ere izanen”. Azkenik, herritarren kontzientziazioan eragiteko asmoaz hitz egin zuen: “zortzi bideo horiek zerbait erakusten badute, hizkuntza ohiturak inertziaz errotuta ditugula da, eta horiek iraultzeko gure hizkuntzaren eta euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketa eta pedagogia beharrezkoa dela. Horretan eragin nahi dugu bideo horiekin, eta bideo hauek zabaltzen bidelagunekin”.
Kontzientziazioa
Zupiriak ere elkarlanaren garrantzia eta herritarren kontzientziazioan eragiteko beharra nabarmendu zituen. Sailburuak adierazi zuenez, aurkeztutako ekimena “arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da. Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da ‘Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea’. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau”. Bide horretan, hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza ere azpimarratu du.
Sakandarren %23,4 arnasgunetan bizi da
Herritarren %70 baino gehiago euskara dakiten herriak euskararendako birika gisa hartzen dira, han euskara egunero bizirik dagoelako eta egunero biziberritzen delako. Sakanako arnasguneak Arruazu (106 biztanle), Arbizu (1.109), Ergoiena (370), Etxarri Aranatz (2.497) eta Urdiain (661) dira. Hau da, 4.743 sakandar, %23,4, arnasgunea den herri batean bizi da.
86 herri
UEMAko kide direnak, Arbizu eta Etxarri Aranatz barne. Guztien artean 253.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.