Pilota

Martijaren eta Ezkurdiaren asteburua

Guaixe 2021ko mar. 22a, 10:45
Larunbatean Jakak eta Martijak eta Olaizolak eta Rezustak jokatutako partida ikusgarria izan zen, txapela kentzeko modukoa, historikoa. Argazkia: Borja Guerrero.

Jakak eta Martijak larunbatean garaipen ikusgarria lortu zuten Olaizolaren eta Rezustaren kontra historia egin duen partidan, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak oso garrantzitsua den garaipena lortu zuten atzo Logroñon eta nahiz eta galdu, Elezkanok eta Zabaletak lider jarraitzen dute

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 11. jardunalditik txarretik baino askoz ere gehiago izan du onetik. Eta nabarmen, gainera. Jakak eta Martijak eta Ezkurdiak eta Ladis Galarzak  finalerdietako play-offetan sailkatu ahal izateko urrezko puntuak lortu dituzte garaipen ikusgarriak lortu eta gero, eta nahiz eta Elezkanok eta Zabaletak galdu, lider jarraitzen dute eta asteburu honetan irabaziz gero, zuzenean sailkatuko dira finalerdietarako. 

Ostiralean Peña II.a eta Albisu izan zituzten aurkari Elezkanok eta Zabaletak. Aspekoei partidan sartzea kosta egin zitzaien eta 1 eta 7-ko aldea lortu zuten Peña II.ak eta Albisuk. Albisu partidako onena izan zen; Zabaleta mendean hartzeaz gain, Peña II.aren itsasargia izan zen. Hala ere, Elezkanok eta Zabaletak ez zuten etsi eta 13 eta 18 hurbiltzea lortu zuten, baina Peña II.ak eta Albisuk jokoan zegoen puntua lortu nahi zuten eta merezitako garaipena lortu zuten (15 eta 22). Nahiz eta galdu, txapelketako lider jarraitzen dute Elezkanok eta Zabaletak (9 puntu) eta asteburu honetan garaipena lortuz gero, zuzenean finalerdietarako sailkatuko dira. 

Larunbatean historia egiten duten partida horietako bat jokatu zuten Jakak eta Martijak Olaizolaren eta Rezustaren kontra. Partida historikoa, lau pilotariek bikain jokatu zutelako eta Jakak eta Martijak urrezko puntua lortu zutelako. Martija zalantzekin hasi zen, aurreko astean eskuin eskua minduta zuelako, eta Erik Jakak argi izan zuen partidaren ardura bere gain hartu beharko zuela. Lizartzakoak bere errepertorio guztia landu zuen, eta guztia ongi atera zitzaion. Sekulako maisulana egin zuen bikain jokatu zuten Olaizolaren eta Rezustaren aurrean. Zalantzarik gabe, bere eguna izan zen. Martijak ere behetik gora egin zuen, eta partida gogor eta estuan 22 eta 19 irabazita, Jakak eta Martijak euren laugarren puntua eskuratu dute, finalerdietako play-off postuetan sailkatzeko aukera ematen diena. “Tafallako partida gure inflexio puntua izan zen eta hortik gora egin dugu” aitortu zuen Jakak, pozik. 

Eta atzo ere oso pozik zegoena Joseba Ezkurdia izan zen. Logroñoko Adarragan jokatutako partidan Ladis Galarzarekin batera sekulako partida egin zuten biek, eta Artola eta Aranguren 11 tantotan utzi zituzten. Ezkurdiak pilotari emandako abiadura eta partidaren erritmo azkarra ezinbestekoak izan ziren garaipena lortzeko, Ladisek atzealdea kontrolpean izatearekin batera. “Bagenekien nola jokatu nahi genuen eta ongi atera zitzaigun. Bosgarren puntu hau oso garrantzitsua da, eta gaur oso pozik goaz etxera” nabarmendu zuen aurrelari arbizuarrak. Finalerdietako play-offetan egoteko pausu erraldoia eman dute. 

Gaur 11. jardunaldiko azken jardunaldia jokatuko da. Urrutikoetxeak eta Imazek Altuna III.a eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari Getarian (22:30, ETB1). 

Bakaikoa, lesionatuta
Atzo Logroñoko jaialdia ixten zuen partidan Joanes Bakaikoak Larunberekin osatu zuen bikoa Salaberriaren eta Untoriaren kontra jokatzeko. Bakaikoa eta Larunbe 6 eta 18 galtzen ari zirenean partida bertan behera geratu zen Joanes Bakaikoa etxarriarrak belaunean mina hartu zuelako.