Txirrindularitza

Igor Arrietak afizionatuen podiuma mustu du

Guaixe 2021ko mar. 22a, 12:30

Lizarteko txirrindulari uhartearrak afizionatuen mailako bere lehenengo podiuma zapatu zuen atzo Lizarran. Hiru aldiz igo zen podiumera: lasterketan hirugarrena izan zelako, mendiko lasterketa irabazi zuelako eta Lizarte talde onena izan zelako

Atzo afizionatuen mailako XLIII. Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, Lizarra Txirrindulari Elkarteak prestatutako 141,6 kilometroko proba gogorra, haizeak eta ibilbide gorabeheratsuak guztiz baldintzatu zutena. Proba Abiatzen Torneorako baliagarria zen. Lasterketa oso mugitua izan zen, erasoz betetakoa, eta azkenean bi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara. Esprint estuan Tobias Perry britainiarra (La Tova-Asesoria Almudevar) gailendu zitzaion Lizarte taldeko Pau Miquel txirrindulariari (3:37:24). 14 segundora, hirugarren postuan, Lizarteko Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra sartu zen. Arrietak aurten debutatu du afizionatuen mailan eta podiumera igotzea lortu du lehenengoz. Igor atzo hirutan igo zen Lizarrako podiumera: hirugarrena sailkatu zelako, Mendiko txapelketa irabazi zuelako eta bere taldea, Lizarte, lasterketako talderik onena izan zelako. 

Arrietaren taldekide Jon Gil lakuntzarra 49. postuan sartu zen, Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra 74. postuan eta azken honen taldekide Iker Mintegi altsasuarra 86. postuan. Berriro ere bere joera erakutsi zuen txirrindulari altsasuarrak, ihesaldietan sartuta egon baitzen.